PSOEren batzorde federala

Sanchezek PSOEko militanteei galdetuko die gobernu akordioen inguruan

Alderdiaren kongresua maiatzaren 20-22ra aurreratu dute, Sanchezekin kritiko diren federazioek presio eginda.

Pedro Sanchez, ezkerrean, Cesar Luena PSOEko Antolakuntza idazkariarekin. PACO CAMPOS / EFE
2016ko urtarrilaren 30a
13:06
Entzun

PSOEko Batzorde Federalak bilera egin du, Espainiako Gobernua osatzeko aukerak testuinguru politikoaren ardatzean daudela. Podemosek akordiorako proposamen bat luzatu zion joan den astean PSOEri, baina azken egunetan aukera horren kontra agertu dira Espainiako lurralde ugaritako PSOEko arduradun eta ministro ohi. Gobernu akordioen inguruan nork erabaki behar duen ere eztabaidagai izan dute.

Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak azaldu du balizko gobernu akordio bat batzorde federalak berretsi beharko duela, eta militanteen artean bete beharrezkoa izango ez den kontsulta bat egingo duela: "Zabal daitezkeen negoziazio guztiak gardenak izango dira. Ez dadila inor kezkatu".

"Edozein preziotan" Espainiako Gobernuko presidente ez duela izan nahi esan du Sanchezek, baina gaineratuta ez dagoela prest "beste lau urtez eskuineko politikak" izateko.

Kongresua, maiatzean

Barne tirabirak ez dira soilik gobernu osaketari buruzkoak PSOEn, idazkari nagusia aukeratzeko kongresuak ere soka eragin baitu. Zuzendaritzak proposatu zuen ekainaren 17, 18 eta 19an egitea kongresu hori, baina kritiko azaldu ziren Andaluzia, Valentzia, Asturias eta Aragoiko PSOEko federazioak. Hori horrela, adostu dute maiatzaren 20tik 22ra bitartean egitea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.