Saneamendu arauditik at daude Iparraldeko etxe gehienak

Egokitze lanak bukatzeko epea 2006. urtean agortuko da, eta herri anitzek ez du oraindik plangintzarik osatu

Aitor Renteria.
BAIONA
2003ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Ipar Euskal Herriko etxe gehienetako saneamentu sistemak ez ditu betetzen Europako arauak. 1990ean Europak uraren legea bozkatu zuen. Horren ildotik, Europako Batasuna osatzen duten estatu guziek arau zehatzak bete behar dituzte. Frantziak 1992an bozkatu zuen bere legea. Honen arabera, etxe guziek saneamendu arauak bete behar dituzte 2006ko urtarrilaren lehenerako.

Epe hori bete ondoren, herriko etxeek arauak betetzen diren zaindu beharko dute, eta horrela egin ezean, berea izanen da orain artean departamenduko osasun zerbitzuek duten eskumena eta erantzukizuna.

Engoitik, eraikitzen diren etxe berri orok kontrol zorrotza gainditu beharko du baimenak eskatzerakoan eta baita lanak egiten direno ere. Etxe zaharretan, berriz, herriko etxeetako ikuskariek etxe guzietan pasatu beharko dute saneamendu sarearen egoera arauetan denetz bermatzeko. «Autoek edo berogailuek kontrola duten bezala, saneamenduak kontrola izanen du, ingurumenean kalterik ez duela eragiten ziurtatzeko», zehaztu du Xabi Duhalde Aturri-Ursuia herriarteko sindikatuko teknikariak.

Herriek bi eginkizun horiek bete beharko dituzte, eta bertze bi ukanen dituzte aukeran, lau urtetik behin etxeetako hobi septikoak garbiaraztea eta, horrez gain, arau guziak betetzen dituzten kontrolatzea.

Herriarteko sindikatuak

Saneamenduaren arazoa jorratzeko lehen herriarteko sindikatua 2000. urtean sortu zen, Aturri-Ursuia sindikatua. Bertan, 16 herri biltzen dira, Bastida, Bidaxune, Bardoze, Gixune eta Heleta, bertzeak bertze. Azken urtean, hainbat egitura sortzen ari dira. Donibane Lohizune inguruan, Senperen, Zuberoan, Getarian eta Ahetze inguruan adibide gisa. Baina eskualde osoan antolatzeke daude oraindik.

Lehen eginkizuna dela eta, Aturri-Ursuia sindikatuaren eremuan etxe berria eraikitzeko eskaria aurkezten duen jabeak 150 euro ordaindu beharko ditu eraikitze lanetan saneamenduaren begiztatzea egiteagatik. Engoitik, ezinezkoa izanen da etxe bat altxatzea saneamendu baimen berria ukan gabe. Hobi septikoen egoeraren jarraipena herrien eginkizuna izanen da. Laur urtetik behin, jabeek hobi septikoak hustu beharko dituzte. Orain artean arazoak sortzen zirelarik husten ziren soilik. Xede horren burutzeko, Aturri-Ursuia sindikatuak zerga berri bat sortu du, eta jabeek 34 euro ordaindu beharko dituzte urtero.

Lege berriak argiki adierazten du saneamendu zerbitzu berriak autofinantziatua beharko duela izan, eta horren karietara, herriek zerga berriak ezarriko dituzte, toki bakoitzean eragindako xahutzeen arabera.

Aturri-Ursuia sindikatuak sarearen diagnosia egin zuen. Sindikatuaren eremuan 2.700 etxe partikular daude. Dagoeneko 2.300 etxeren diagnosia egin dute, eta emaitzek kezkak eragiten dituzte ezagutu orduko: etxeen %90ek ez dituzte betetzen arauak. Arazoa ingurumenean kalteak eragiten dituzten etxeetan datza, teknikariak azaldu duenez. Etxeen %30ek kalteak eragiten ditu; eta %15ek berehalako egokitze lanak behar dituzte, eragiten dituzten kalteak sobera larriak direlako. Gainera, teknikariek ez dituzte eskubide guziak alor horretan. Adibidez, etxe bateko jabeak isuria egiten badu baina auzoen eremuetan kalterik ez badu eragiten, teknikariek ez dezakete deus egin.

Larrialdi guneetan abian ezarri dituzte konponketa lanak. «Donostiriko, Donamartiriko, Heletako, Gixuneko eta Isturitzeko 70 etxetan premiazko lanak abiatu ditugu; saneamenduak egoera ezin txarragoetan ziren, eta kalte nabarmenak eragiten zituzten inguruko alor, zelai, erreka eta hazkuntzetan», dio Duhaldek. Teknikariek bertze 400 etxe dituzte oraindik ikuskatzeko.

Kontuan izanik Ipar Euskal Herriko barnealdeko eraikuntza anitz etxeak direla eta epea agortzear dagoela, herriek ahal bezain laster gauzatu behar dituzte egokitze lanak. Alta, lanak kario izaten dira. Batez bertze, egokitze lanak 9.000 eurokoak dira, eta 15.000 euroko heinera heltzen dira zenbaitetan.

Partikularrek enpresa bati eska diezaiokete lanak egin ditzan, baina kasu horretan prezioak gora dira, eta epea hurbildu ahala, merkatuaren legeak prezioak oraindik gehiago goratuko ditu. Horrela, hodi septikoa husteagatik etxeko jabeak 300 euro ordaindu behar dizkio enpresari. Zerbitzua herri mailan antolatuz, edo, Aturri-Ursuia sindikatuaren kasuan bezala, herri elkargoan, prezioak herenera apaltzen dira.

«Kakoa epean dago, eta herriek erabaki bat hartu beharko dute berehala. Edo partikularren esku uzten dute arazoa, edo antolatzen dira, bakarrik zein herriarteko sindikatuetan. Milafranga, Ezpeleta, Kanbo, Luhuso, Urruña, Hendaia ardatz hori oraindik antolatu gabe dagoela dio Duhaldek, eta herriko etxeek ez dutela erabakirik hartu.

Laguntzak

Epearen atarian, jabeek laguntzak jaso ditzakete Kontseilu Nagusitik eta Uraren Agentziatik. Laguntzak lanen %70 izan daitezke. 2006ko epea gaindituta, nehork ez daki zein izanen den botere publikoen jarrera. Orain laguntzak daude lanak sustatzeko. 2006an, ordea, deusek ez du bermatuko laguntzen politika atxikiko den ala herriko etxeek isunen bidea hobetsiko duten. Oraindik ez dago jurisprudentziarik gai horren inguruan.

Saneamendu publikoaren eta pribatuaren arteko erdibidea ere aztertu dute teknikariek. Etxe bakoitzak bere saneamendu osoa egin ordez, zenbaitetan elkartu eta hodi septiko bakarra egin dute hiruzpalau etxerentzat. Teknikarien ustetan, aterabide hau, nahiz eta zaila izan, pista garrantzitsua izan daiteke, geroari begira.

SANEAMENDU PUBLIKOA



 

Lan handiak daude oraindik egiteke





Saneamendu lanek duten beranta ez da mugatzen jabe partikularren kasuetara. Legeak 1998rako saneamendu sare osoa egokitzea eskatzen zuen. Epea gainditu arte, ordea, legea paper bustia izan zen, Europako isunak heldu arte. Baionak, Miarritzek eta hainbat herrik isun handiak ordaindu dituzte saneamendu sareak ez eraberritzeagatik. Hitzarmen Bereziko diruzama handiak erabili dira arazo horri konponbidea emateko. Hala ere, nahiz eta lan handiak egin, Miarritzeko Marbella edo Baionako Itsuaren zubiko araztegiak, adibidez, arazoak bere horretan dirau. Partikular anitzek etxeko hodiak sare publikora lotu dituzte, Angeluko Barbot errekaren kutsadura lekuko. Teknikariek kea erabiltzen dute. Distantzia jakin batean hodiak hetsi, kea bota eta nondik ateratzen den aztertzen dute. Legea urratzen dutenak lanak egitera behartzen dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.