Men egin du, azkenik. Iruñeko alkate Enrique Maiak ezin izan du auzia gehiago atzeratu, eta bertan behera utzi ditu 2021eko sanferminak. Egoera epidemiologikoak hala agintzen duela ziurtatu du, iragan astean Osasun kontseilari Santos Indurainekin bilera egin ostean.
Maiak aitortu du «nahi gabeko erabakia» izan dela festak bertan behera uztea. Hala ere, sanferminetako aurrekontua erabiliko dute «kultur eta aisialdi programa handi bat» antolatzeko. Ekainetik irailera bitartean, kirol, aisialdi eta kultur ekitaldiak antolatuko ditu Iruñeko Udalak, «jendeak hala eskatzen digulako, eta, batez ere, kulturaren sektoreak ere behar-beharrezko duelako».
Zezenketak antolatzeko aukera aipatu zuen Maiak aurreko agerraldietan, baina gaurkoan baztertu du aukera hori ere: «Deiadar efektua eragozteko lanean ari gara, Osasun Departamentuarekin hitzartutakoaren arabera, eta, hortaz, ez luke logikarik izanen zezenketak antolatzea».
Bigarren urtez sanferminak bertan behera uztea «oso gogorra» dela nabarmendu du alkateak: «Trago txarra da niretzat». Hala ere, ziurtatu du, 2021ean egin bezala, «datorren urtean» ospatuko direla Iruñeko festak: «Hiru bider ospatuko ditugu sanferminak, prozesioaz gozatuko dugu, jotak entzun eta haurrak erraldoiak ikustera eraman».
Sanprudentzioak ez ospatzeko eskaera
Gasteizen, berriz, asteazken honetan da San Prudentzio eguna. Gauzak ohiko moduan baleude, ehunka lagun bilduko lirateke Armentiako zelaietan jaiak ospatzeko, baina aurten halakorik ez egiteko eskatu du udalak. Iaz ez zuten festak ospatzerik izan, eta aurtengoan ere itxarotea egokituko zaie arabarrei.
Udalak espresuki eskatu die herritarrei Armentiara ez joateko eta festa «beste baterako» uzteko: «Lehentasuna osasunak izan behar du, eta jende pilaketak sahiesteak», azaldu du Marian Gutierrez zinegotziak. Bihar ez da danborradarik izango, eta asteazkenean erromeriarik ere ez.
Dena den, udalak uste du debekuei jaramonik egin ez eta Armentiara joango denik badagoela. Horregatik, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak kontrolak jarriko dituzte Armentia inguruetan, edukiera kontrolatzeko. Udalak gehitu du litekeena dela, «beharrezkoa bada», agenteek sartu-irtenak mugatzea ere, bizilagunak eta langileak soilik ibil daitezen joan-etorrian.