KomunikabideaK

Sanferminei buruzko webgune berezia egingo du BERRIA.INFOk, lehen aldiz

Gune dinamikoa izango da, eguneko kontuak-eta jasoz: albisteak, bideoak, argazkiak, talde bloga... Astelehenean Iruñeko kazetariek kaletik bertatik egingo dute txupinazoaren zuzeneko kontakizuna.

urtzi urkizu
2009ko uztailaren 4a
19:55
Entzun
BERRIA.INFOk, aurreneko aldiz, webgune berezia egingo du Iruñeko sanferminen inguruan. Orain arte egindako beste webgune berezi gehienak estatikoak izan dira, baina sanferminetakoa dinamikoa izatea nahi dute, eguneko berri eta gorabehera guztiak jasoko dituena. Webguneak, gainera, garrantzia izango du BERRIA.INFOko azalean: goian, alderik alde.

Hainbat atal izango ditu Iruñeko sanferminetako webgune bereziak: edizio jarraitua -eguneko albisteekin-, Iñigo Astizen eguneroko kronika, Alberto Barandiaranen eguneroko zutabea, jaien eguneroko egitaraua, argazki bilduma eta Iruñeko erredakzioko kazetarien artean egindako blog kolektiboa -berritasuna da atal hori-. Bideoak ere ikusi ahal izango dira webgunean: eguneko entzierroko bideoa eta BERRIA.INFOk egingo dituen besteak.

Irakurleen parte-hartzea bultzatuko du guneak. Hala, iruzkinak egiteko aukera emateaz gain, sanferminzaleek argazkiak bidali ahal izango dituzte, eta argazki bildumara igoko dituzte.

Gainera, peña guztien pankartak eta haien datuak jasoko dituzte webgunean. Iruñeko kale izendegia eta beste webgune interesgarri batzuen loturak jarriko dituzte.

Txupinazoa, Twitterrekin

Astelehenean hasiko dira sanferminak, eta txupinazoa zuzenean kontatuko du BERRIA.INFOk. Horretarako, Twitter sistema erabiliko du, 11:30etik 13:00etara. Iruñeko BERRIAko erredakzioko kazetariek kaletik bertatik egingo dute zuzeneko kontakizuna, telefono mugikorren bidez.

Hilaren 14 gauean bukatuko dira festak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.