Sanferminetako bortxatzaileetako bortz gizonetako lau zigortu dituzte Pozoblancon (Espainia) emakume bati sexu abusuak egiteagatik eta irudiak zabaltzeagatik. Lau akusatuak espetxean daude egun, Angel Bozarekin batera sanferminetan emakume bat «modu jarraituan» bortxatzeagatik. Espainiako Auzitegi Gorenak hamabortz eta hamazazpi urte bitarteko kartzela zigorra ezarri zien iaz.
Jose Angel Prendari jarri diote zigorrik luzeena: urte eta erdiko kartzela zigorra sexu abusuengatik, eta hiru urtekoa biktimaren intimitatea urratzeagatik. Antonio Manuel Guerrerok, Jesus Escuderok eta Alfonso Jesus Cabezuelok, berriz, bi urte eta hamar hilabeteko zigorra jaso dute: sexu abusuagatik urtebete eta sei hilabetekoa, eta intimitatea urratzeagatik urtebete eta lau hilabetekoa. Lau akusatuek 13.540 euro eman beharko dizkiote biktimari, kalte moralengatik. Cabezuelok, gainera, bi hilabetez eguneko hamabi euroko kalte-ordaina eman beharko dio biktimari lesio arinak egiteagatik.
Foruzaingoak 2016an atxilotu zituen bortz gizonak, Iruñean, sanferminetan emakume bat taldean bortxatu ondotik, eta orduan aurkitu zuten Prendaren telefonoan Pozoblancoko emakumearen aurkako erasoaren bideoa. 2016ko maiatzaren 1ean eraso zioten, eta bi bideotan grabatu zuten. Bideotan, ikusten da nola lau gizonek abusatzen duten biktimaz barre artean, konorterik gabe dagoela. Bideo hori, gainera, Whatsappeko bi taldetara bidali zuten, biktimaren baimenik gabe.
Foruzaingoak emakumea aurkitu ondotik, hark salaketa aurkeztu zuen. Epaiketa Kordoban (Espainia) egin zuten, joan den urteko azaroan, eta fiskaltzak sei urteko kartzela zigorra eskatu zuen akusatuentzat: lau urteko zigorra sexu abusuagatik, eta bi urtekoa intimitatearen aurkako delituagatik. Gainera, biktimari kalte-ordainetan 10.500 euro emateko ere eskatu zuen fiskalak.