Indarkeria matxista

Sanferminetako erasoaren epaimahaiak 10 hilabetera zigortu du gizon bat hilketa saioagatik

Ebatzi du "libreki eta bere borondatez" erabaki zuela emakumea ez hiltzea. Akusatuaren defentsak eskatutako ordezko zigorra baino txikiagoa da epaimahaiarena.

Indareria matxistaren aurka Iruñean eginiko protesta bat. IDOIA ZABALETA (FOKU)
2018ko azaroaren 22a
16:29
Entzun

Sanferminetako eraso sexista epaitu zuen epaitegiak 10 hilabeteko kartzela zigorra jarri dio emazte ohia hiltzen saiatu zen gizon bati. Hilketa-delitu saioa egotzi beharrean, ezohiko tratu txarrengatik zigortu du. Argudiatu du erasotzaileak "libreki eta bere borondatez" erabaki zuela emakumea ez hiltzea, nahiz eta epaimahaiak frogatutzat eman gizonak labanaz eraso egin ziola emakumeari, eta itotzen ere saiatu zela, eta hori egin zuela bi seme-alaba adingabeen aurrean, "utzi bakean, ez ezazu hil" oihukatzen zioten bitartean.

Epaiaren arabera, 2017ko ekainaren 22an, emazte ohia eta bi seme-alabak bizi ziren etxera joan zen gizona, ordenagailu bat hartzera. Sei hilabete lehenago banandu zen bikotea, eta dibortzio sinatu baino hiru egun lehenago egin zion eraso emakumeari.

Hala dio epaiak: "Auzipetua sukaldera joan zen, eta 15 zentimetroko aizto bat hartu zuen, emakumearen kontra egin zuen, haren bizia arriskuan jartzen ari zela jakitun (...) Auzipetuak, ezkerreko eskua emakumearen lepoan jarri, eta gogor estutu zuen. Emakumea estu eta larri eta itolarrian zegoela konturatu zenean, libreki eta bere borondatez, lepoa estutzeari utzi zion gizonak".

Akusatuaren defentsak bi urteko espetxealdia eskatu zuen ordezko zigor gisa, eta hori baino txikiagoa izan da epaimahaiarena. Fiskaltzak zortzi urte eta erdikoa galdegin zuen. Akusazio partikularrak, hamar urtekoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.