Sanferminetako talde bortxaketan parte hartu zuten bost gizonak aske utzi edo ez aztertzeko saioa egin zuten atzo Nafarroako Auzitegian. Izan ere, behin-behineko kartzelaldia eteteko eskaera egin zuten bosten defentsek, epaia irmoa izan arte auzipetuek «kalean» egon beharko luketela iritzita. Horren inguruan erabaki bat hartzeko, epaimahaiak auzi saio baterako deitu zituen alde guztiak.
Ordubete eskaseko saioa izan zen. Defentsek bost gizonak aske uztea galdegin zuten beste behin ere. Akusazioek, berriz, eskaera hori bertan behera uzteko eskatu zuten. Victor Sarasa Iruñeko Udaleko abokatuak argudiatu zuen «begi bistakoa» dela ihes egiteko eta delitua berriz egiteko arriskua. Defentsako abokatuetako batek, Agustin Becerrak, bere eskaerari eutsi zion, «inongo arriskurik ez dagoela» iritzita. Abokatuen arabera, epaimahaiak 24 edo 48 orduren buruan jakinaraziko du erabakia.
Sanferminetako erasotzaileak aske utzi ala ez, aztergai
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu