Esan eta egin. Nafarroako Gobernuak iragarri zuen 2016ko sanferminetako talde bortxaketaren epaiari helegitea aurkeztuko ziola, eta halaxe egin du gaur goizean, Nafarroako Auzitegiko Bigarren Sekzioan. Gobernuko zerbitzu juridikoen arabera, epaiak urratu egin zituen Zigor Kodeko 178, 179 eta 180.1 artikuluak, talde bortxaketa izan zena "sexu abusu" gisa sailkatuta. "Epaitutako gertaerak bost sexu eraso delitu izan ziren". Hortaz, aurreko sententzia baliogabetzeko eskatu du gobernuak.
Beste zigor eskaera bat ere egin du Nafarroako Gobernuak bost akusatuen kontra: 18 urte eta 9 hilabeteko kartzelaldia, eta, hori bete ostean, 10 urteko zaintzapeko askatasuna. Urruntzeko agindua ere galdegin du, eta baita auzipetuen inhabilitazio osoa ere.
Biktimaren sakelako telefonoa lapurtu izana, bestalde, larderiaz eta indarkeria bidez eginiko lapurreta dela ere gaineratu dute gobernuko zerbitzu juridikoek, "eta ez ebaspen soila". Hortaz, hiru urteko kartzela zigor gehigarria eskatu dute akusatuetako batentzat.
Azkenik, intimitatearen aurkako delitua ere antzeman dute helegitean. Hiru urte eta hiru hilabeteko kartzela zigorra eskatzen dute delitu horregatik, eta, 21 hilabetez, egunean 9 eta 15 euro arteko kalte-ordainak pagatzeko beharra.
Guztira, 22na urteko kartzela zigorra eskatu dute lau akusaturentzat, eta 25ekoa, berriz, bosgarrenarentzat.