Indarkeria sexista

Sanferminetan andreek jasandako erasoak gaitzesteko eskatu diote udalari

Txupinazo egunean emakumeak airean hartu, biluztu eta eskukatzea erasoa dela seinalatu diote Enrique Maia alkateari, eta neurriak hartzeko eskatu diote.

2013ko uztailaren 19a
13:39
Entzun

"Maia jauna, emakume bati zirriak egiten agertzen den argazkia sanferminetako benetako irudia da", hitz horiekin mintzatu zaizkio Gora Iruñea plataforma eta Indarkeria Sexistaren Kontrako Emakumeon Plataforma Enrique Maiari, Iruñeko alkateari. Eraso sexista guztiak salatzeko eta emakumeen aurkako erasoei aurre egiteko protokoloak eta neurriak indarrean jartzeko eskatu diote Iruñeko Udalari.

Txupinazoaren egunean ikusten diren irudiak egiazkoak direla, eraso sexistak direla eta emakume askok, bertako zein kanpokoek jasaten dituztela oroitarazi diote talde horiek alkateari. Salatu dute, gainera, alkatea irudi horiek argitaratu izanaz soilik kezkatu dela eta esan duela ez duela neurririk hartzeko asmorik.

"Emakume bat, kamiseta kentzerakoan, probokatzen ari dela eta bere ekintzak onartu behar dituela... egun hauetan entzun den justifikazioa da", esan dute taldeek: "Baina gizonek ez al dute egiten? Egunero, emakume askok gizon ugari ikusten ditugu kalean pixa egiten, bere genitalak erakusten, eta ez zaigu burutik pasatzen hara joatea, ukitzera".

Emakumeek, beren gorputzen jabe izaki, haiekin nahi dutena egiteko eskubidea dutela oroitararazi dute, baina inork ez duela "bularrak ukitzeko" eskubiderik horregatik. "Orduan, zergatik da erabat normalizatutako gauza sanferminetan?". Irudia festekin eta "erokeriarekin" lotzea, berriz, arduragabetzat jo dute.

Bestalde, nabarmendu dute aurten ere ezin izan dituztela jaso eraso sexisten salaketen "datu errealak", eta zehaztu dute haiek jasotako datuak ez datozela bat udalak emandakoekin. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.