Nafarroako Justizia Auzitegiak jakinarazi duenez, sanferminetan gertatutako bortxaketa bat ikertzen ari den epaileak uste du Iruñeko bortxaketagatik inputatutako bost lagunetatik lauk beste emakume bati eraso egin ziotela aurretik. Zehazki, zantzuak topatu ditu adierazteko 21 urteko emakume bati sexu erasoa egin ziotela Kordoban (Espainia) eta erasoa sakelako telefonoarekin grabatu eta partekatu zutela. Epailearen arabera, "zantzu esanguratsuak" daude pentsatzeko "biktimari konortea galtzea eragiteko substantziak" erabili zituztela.
Iruñeko 4. Instrukzio Auzitegiko epaileak argitaratu du autoa, eta helegitea jar dezakete akusatuek. Ikerketa Pozoblancoko Epaitegiaren esku utzi du Iruñekoak, hari baitagokio aztertzea maiatzeko erasoa. Edonola, epaileak frogatutzat jo du inputatuetako batek emakumeari eskaini ziola ibilgailuan etxera eramatea eta, bertan, andrea konorterik gabe gelditu zela. Epailearen arabera, beste hiru lagun zeuden autoan, eta, bat gidatzen ari zen bitartean, besteek ukituak egin zizkioten emakumeari. Pozoblancora eraman zuten andrea, eta bertan "erabat biluzik" esnatu zen autoaren atzeko aldean.
Erasoa bideoan grabatu eta sakelako telefonoaren bidez bi taldetan partekatu zuten, eta, besteak beste, bideoaren "eduki oso argia" aintzat hartu du epaileak delitu zantzuak topatzeko. Talde horietako batean idatzi zuen inputatuetako batek "Iruñerako bidaian burundanga eramateko" asmoa.