Gaur goizean, Iruñean, sanfermin parekideagoak lortzeko urteetan egin duten lana azpimarratu dute Iruñeko hainbat talde feministak: besteak beste, Bilgune Feminista, Emakume Internazionalistak, Farrukas, Indarkeria Sexistaren Kontrako Emakumeon Plataforma, Andrea-Astelehen Lila eta Gora Iruñea elkartu dira.
Sanferminetarako hiru egun falta dira, eta herritarren artean ezjakintasun handia dago egunotan eraso sexisten aurka nola egin. Horregatik, Iratxe Alvarez Nafarroako Indarkeria Sexistaren Aurkako Emakumeen Plataformako kideak euren jarrera argitu nahi izan du, gaur, Iruñeko Alde Zaharrean egindako agerraldian.
Alvarezek azpimarratu du mugimendu feministak hainbat hamarkada daramatzala jai parekideen aldeko borrokan eta borroka hori ez zela hasi 2016ko uztailaren 7an. Horrez gain, esan du beraien aldarrikapenak instituzioek babesten dituztela 2014. urtetik. "Guk ez dugu titularretan oinarritutako lanik egiten. Ez da kasualitatea urtetik urtera Iruñeko herritarrek emandako erantzuna", nabarmendu du.
Epaitegiak 2016ko talde bortxaketari emandako tratuaren inguruan emakumeek duten haserrea, ezinegona eta amorrua ulertzen dutela aitortu du Alvarezek. Baina sentipen horiek "arriskutsuak" izan daitezkeela adierazi du, oharkabean beste eraso sexista batzuk ikusezin bihur ditzakeelako. "Estatuari exijitzen diogu erasotzaileak ez babesteko, erasoak bere izenez deitzeko eta erasotako emakumea zein beste guztiak babesteko”.
Jaien aurrean, zer
Era berean, talde bortxaketa salatzeko, sare sozialetan hainbat neurri zabaldu dira. Hori ikusirik, erantzun horiek “zalantzazko jatorria” dutela eta “anonimoak” direla salatu dute. Nabarmendu dute eraso sexisten kontra Iruñean egin den borroka eredugarria dela. Hartara, informazio faltaz gain, sare sozialetako dinamika horiek Iruñeari, hiri bezala, eraso egin diotela kritikatu dute. "Nafarroako talde feministen lanari kalte egiten dio, eta baldintzatzen duen kanpoko esku-hartzea da", azaldu du Alvarezek.
Horri guztiari aurre egiteko, Nafarroako hainbat talde feministak, herri mugimenduko taldeekin batera, dei egin dute tokiko jaietan arau propioak jartzera, espazioa lortzeko neurriak hartzera, gozatzera eta antolatzera. Gaineratu dute eraso sexisten aurkako protokoloa prest dagoela, eta beharrezkoak diren neurri guztiak hartuko dituztela. Uztailaren 10ean egingo den Feministok Prest eguneko jardunaldietan parte hartzeko deia luzatu dute.