Sanferminik gabe ere, jendea bildu da udaletxe plazan

Jairik ez dagoen arren, udalak agerraldi ofiziala egin du, eta Enrique Maia alkateak «zuhurtzia» eskatu die herritarrei

2021eko uztailaren 6a
13:23
Entzun

Gaur hasiko ziren sanferminak Iruñean, baina COVID-19ak eragindako izurria dela eta, bigarren urtez jarraian ez dute jaiei hasiera ematen dien txupinazorik bota udaletxe plazan, eta datozen bederatzi egunetan ez da, horrenbestez, jai ekitaldirik egongo. Udalak joan den apirilaren 26an iragarri zuen aurten ere ez zela jairik egongo; nolanahi ere, gaur eguerdian jende dezente bildu da udaletxe plazan.

Azken egunetan kasuetan egon den gorakadari jarraiki, Nafarroan 425 positibo zenbatu dituzte azken orduetan, eta positibo tasa %17,9koa da uneotan. Ez dago sanferminik, baina Enrique Maia alkateak agerraldi ofiziala egin du udaletxean, festei buruzko kanpaina instituzional bat aurkezteko. Aitortu du azken egunetako positiboen hazkundeak «ezustean» harrapatu duela eta «ukituta» utzi duela. «Zuhurtzia» eskatu die herritarrei, baina aintzat hartu behar da hilabeteetan murrizketen kontra egin duela. Azpimarratu du, bide batez, izurriak sanferminak «birpentsatzeko» aukera ematen duela: «Txarra kendu eta onari eutsi».

Zazpi iragarki labur prestatu ditu udalak. Maia: «Festak duen alde ona erakusteko eta itzuliko garela gogorarazteko». Eta hitz egin du «sanferminen balioen garrantziaz». Bi aipatu ditu: «alaitasuna» eta «erlijioa». Hain zuzen, iragarri du sanferminetako ekitaldi erlijioso guztietara joango dela.

Festarik ez da egongo, baina gaur Iruñean baziren zuri-gorriz jantzi diren batzuk. Udalak Polizia operatibo bat ezarri du goizean goizetik, eta, horren ondorioz, Gazteluko plazaren eta udaletxearen inguruak poliziaz josirik daude. Kontrolak ezarri dituzte udaletxe plazara sartzeko.

Azken egunetan izurriak eragindako kutsatzeak ugaritu direnez, Nafarroako Gobernuak joan den astean hartutako neurriak aldatu ditu. Esaterako, bihartik aurrera ostalaritzako establezimendu guztiek 01:00etan itxiko behar dituzte ateak, gehienez jota. Aintzat hartu behar da diskotekek 04:00ak arte irekita egoteko baimena eduki dutela. Santos Indurain Osasun kontseilariak adierazi zuen, atzo, egoera «nahiko kritikoa» dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.