Santa Ageda bezpera dela eta, hogei bat euskaltzale bildu dira gaur goizean Iruñean Euskarabidearen egoitzaren aurrean. Santa Ageda eskean ibili dira, makila eskuan, baserritarrek igande eta jai egunetarako erabili ohi zituzten arropen antzekoak jantzita. Euskara sustatzeko "behar adina diru" jartzeko eskatu diote horrela Nafarroako Gobernuari. Kantuz eskatu ere, gaurko egunez hainbat herritan entzun daitezkeen doinuan. Ez gaude oso aberats diruz / ezta ere konfidantzaz, / baina eztarriz sano gabiltza / ta kanta nahi dugu gogoz, izan da kantatu duten kopletako bat.
Hasieran deialdia EHE Euskal Herrian Euskarazek egina bazen ere, azkenean hainbat taldetako euskaltzaleak nahiz norbanakoak bildu dira Nafarroako Gobernuaren menpeko erakundearen atarira, tartean EHE eta AEK-ko lagunak.
"Agate Deunari bularrak moztu zizkioten, eta Nafarroako Gobernuak euskarari mihia moztu nahi izan dio askotan". Hala salatu du Asier Biurrunek, bildutako euskaltzale guztien artean adostutako testua irakurrita.
"Euskaltzale pobretzat" aurkeztu dute beren burua bildutakoek, eta eta euskararen alde komunikabide, euskaltegi, eskola eta ekimenak beren poltsikotik ordaintzeaz nazkatuta daudela nabarmendu dute. "Bada garaia Nafarroako Gobernuak beharrezko bitartekoak jar ditzan euskararen normalizazioaren bidean benetako pausuak eman nahi baditugu. Eta norabide horretan Euskarabideak ere badu bere zer egina".
Euskaltzaleek adostutako testuan azaldu dutenez, iragan astean erabaki zuten gaur, SantaAgeda bezperaz, karriketara eskean kantatzera ateratzea, Xabier Azantzak zuzendutako erakundearen ateetara jotzeko. "Batez ere 2009ko aurrekontuak ikusita Euskarabideak emanen dituen diru laguntzen eskasak behartu gaitu eskean ateratzera", azaldu du Biurrunek.
"Kantatzera berdin-berdin aterako da jendea Euskarabideak horretarako deia luzatu edo ez luzatu. Ez da hori bere lana, euskararen normalizazioaren alde lan egitea baizik, eta ez aurpegia garbitu, eta zurikeriatan ibiltzea".
Kantuan eginiko eskarien artean ofizialtasuna aipatu dute nagusitzat. Guk ere hainbat gauza dugu / etxe honi eskatzeko / ofizialtasuna da nagusi / eskubideak bermatzeko. Horrez gain, kantuan ateratzea baino behar larriagoak badaudela salatu dute: Hemen politika behar da / kantuan ateratzea baino / premia handiagorik bada.
Euskara
Santa Ageda eskean aritu dira hainbat euskaltzale Euskarabidearen egoitzan, Iruñean
Euskara normaltzeko bidean, benetako urratsak egiteko eskatu diote kantariek Nafarroako Gobernuari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu