Politika

Santander bankuak Mexikon duen adarrean ariko da Basagoiti, PPko presidentetza utzita

Erabakia oraindik ofiziala ez bada ere, Semper eta Alonso prest agertu dira, eskatuz gero, ordezko izateko.

2013ko maiatzaren 8a
11:36
Entzun

Santanderreko langilea zen Basagoiti, politikan buru-belarri aritzeko eszedentzia eskatu zuen arte. 2008an hautatu zuten EAEko PPko presidente, eta Maria San Gil ordezkatu zuen. Kargua utziko duela oraindik ofiziala ez bada ere, utzi eta Santanderrek Mexikon duen adarrean jardungo da lanean, bankuko iturriak aipatuz albiste agentziek esan dutenez.

Hemezortzi urte daramatza Basagoitik politikan, lehenik Nuevas Generacionesen, gero Bilboko Udalean PPko zinegotzi eta bozeramaile gisara, ondoren Bizkaiko PPko presidente moduan, eta, azkenik, 2008an PPko presidentetzan. Madrilen jaio zen, 1969an, baina urtebete zuenean etorri zen Euskal Herrira bizitzera, Getxora. Haren aita Santander bankuaren presidentea da.

2009an eta 2012an lehendakari izateko hautagai izan zen. 2009an ez zuen lortu, baina PPk Patxi Lopez jarri zuen kargu horretan, EAJk boto gehiago jaso zituen arren, ezker abertzaleari parte hartzen utzi ez zioten bozetan. Basagoitik politika utziko duela jakin ondoren, Lopezek esan du "asko" egin duela alderdiarengatik, "PPko politikaren bazter batetik atera zuelako, dagokion zentralitatea postuan jartzeko".

Albistea zabaldu eta berahala, atzo Borja Semper eta Alfonso Alonso PPko kideak prest agertu ziren Basagoiti ordezkatzeko. Berez 2015ean izango du EAEko PPk hurrengo ezohiko batzarra, baina ez dute zertan hori behar ordezkoa izendatzeko. Biek ere, ordea, ukatu egin dute barne borrokarik dagoela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.