Santanderren jarritako granada jaurtigailuak aurkitu dituzte

ETAren izenean beste dei batek berri zehatzagoa eman ondoren topatu dute

Erredakzioa
2005eko abenduaren 11
00:00
Entzun
Bi granada jaurtigailu indargabetu zituzten atzo, Espainiako Segurtasun Indarren artezilariek, Santanderko aireportutik gertu. Espainiako Konstituzio egunean, joan den asteartean, ETAren izenean egindako dei batek iragarri zuen Santanderko aireportuan lehergailuak zeudela. Guardia Zibila aireportua hustu, eta ingurua arakatzen ibili bazen ere, ez zuen ezer aurkitu.

Herenegun berriro ETAren izenean dei bat jaso zuen Gara egunkariak, eta granada jaurtigailuak non zeuden zehaztu zuen dei horrek. Zehaztapen horien ondoren, atzo goizeko 8:45ean topatu zituzten bi jaurtigailuak. Aireportuak lur hartzeko duen pistatik 700 metrora zeuden, hegoalderantz. Berri agentziek polizia iturriak aipatuz jakinarazi zutenez, jaurtigailuak granadekin kargatuta zeuden, eta beste zenbait kasutan ETAk erabili izan dituen markakoak ziren. Gainera, egoera onean zeudela esan zuten.Espainiako Gobernuak Kantabrian duen ordezkariak, Agustin Ibañezek, atzo jakinarazi zuen asteartetik ingurua zainduta izan dutela. Astearte eta asteazkenean zorrotzago, eta ostegun eta ostiralean arinago. Eta azkenean, atzo topatu zituztela bi hodi metro eta erdi ingurukoak, zuhaitz batzuei lotuta, sasi artean. Berdez margotuta omen zeuden, eta horrek bilaketa zaildu zuela esan zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.