Euskal presoak

Santi Arrospide kartzelatik irten da, 30 urte lehen graduan egin ondoren

ETAko buruzagi historikoa izandakoa Lasarte-Oriara (Gipuzkoa) itzuli da.

Santi Arrospide Topaseko espetxetik (Salamanca, Espainia) irteten, kartzelan ia 31 urte egin ostean. J. M. GARCIA, EFE
2018ko abuztuaren 6a
07:22
Entzun

Arrospide 1987ko irailaren 30ean atxilotu zuten, Angelun (Lapurdi), ETAko buruzagi militar izatea leporatuta. Atzo aske gelditu zen, 30 urte, zortzi hilabete eta hogei egun espetxean egin ostean. Denbora tarte guzti horretan, lehen graduko espetxealdian egon da. 70 urterekin irten da espetxetik.

Arrospide aske utzi zuten 2014ko abenduan, Espainiako Justiziak beste estatuetako zigorrak batzeko Europako zuzentaraua betetzen hasi ostean. Hala egin ezean, auziak Parot doktrinaren antzeko amaiera izango zuela ohartarazi zuen Espainiako Auzitegi Gorenak.

45 egun besterik ez zituen egin aske, ordea. Urtarrilean espetxeratu zuten berriz, 1986ko eta 1987ko atentatu banatan parte hartzea egotzita. 17 urteko espetxe zigorra ezarri zion Auzitegi Nazionalak.

Zigor amaierako datak aldaketa ugari izan ditu Arrospide espetxean egon den denboran. Frantzian espetxean egin zituen 13 urteak aintzat ez hartzeko erabakiari eutsi dio Espainiak, Europak hura betetzera behartu arte. Horrez gain, Parot doktrina ere ezarri zion; hura ere Europak behartuta indargabetu zuen. Hala, Arrospideri leporatzen zaizkion gertakariak izan ziren garaian gehienezko zigorra 30 urtekoa bazen ere —40 urtera handitu zuen Espainiak 2003an—, gehienezko epe hori gainditu egin du.

Espetxean denbora gehien egin duten euskal presoen artean, bigarrena da Arrozpide. Jose Mari Sagardui Gatzak egin du soilik hark baino denbora gehiago kartzelan: 30 urte, bederatzi hilabete eta hiru egun.

Arrospide aske gelditu izanak ETAren zenbait biktimaren asaldura eragin du. Batzuek ez dute nahikotzat jo espetxean eman duen denbora, hari 40 hiketaren ardura leporatzen zaiola argudiatuta. Beste batzuk onartu dute hura aske uztea legezkoa dela, baina "bidegabea" dela iritzi diote. Zenbaitek haren harrerari erreparatu diote, eta omenaldirik ez egiteko eskatu dute. Etxerat elkarteak adierazi du biktima batzuk senti dezaketen mina "ulertu eta partekatu" egiten duela, eta gaineratu du Arrospidek legearekin zuen zorra bete duela.

Topaseko kartzelatik (Salamanca, Espainia) irteterakoan, hainbat senide eta lagun zituen zain Arrospidek. Lasarte-Oria iritsi zenean, harrera bazkari bat egin zioten, era pribatuan, elkarte batean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.