MEMORIA

"Santi eta Josuren ekarpena gure eguneroko borrokaren iparra dira"

Gaur dira 31 eta 26 urte Santi Brouard eta Josu Muguruza ezker abertzaleko kideak tiroz hil zituztela. Goizean, omenaldia egin diete Errekalden, eta arratsaldean, manifestazioa egin dute ehunka lagunek.

Josu Muguruza eta Santi Brouarden erretratuak, ezker abertzaleko bi kideen omenez eginiko manifestazioaren amaieran. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS
2015eko azaroaren 20a
09:51
Entzun

Gaur dira 31 urte Santi Brouard ezker abertzaleko buruzagia haren kontsultan tiroz hil zutenetik, eta 26 urte Josu Muguruza HBko diputatua Madrilen hil zutenetik. Biak omendu dituzte Bilboko Errekalde auzoan, eta ekitaldian izan dira EH Bilduko Hasier Arraiz, Pello Urizar eta Oskar Matute, Gogora institutuko zuzendari Aintzane Ezenarro eta Eusko Jaurlaritzako Biktima zuzendari Monika Hernando, besteak beste.

[Youtube]https://youtu.be/hSn9rYXwG_8[/Youtube]

Amezola plazan aurresku bat dantzatu dute Brouard eta Muguruzaren omenez, bien argazkien aurrean. Lore eskaintza ere egin diete ondoren. Josu Muguruzaren alaba Anek adierazi du Muguruzak eta Brouardek gatazkaren "irtenbide justu eta demokratiko bat" nahi zutela, eta salatu estatuek ez dutela "gerra zikin ekintzon erantzukizuna beren gain" hartu: "Ez dugu beste batzuen oinazea ukatzen, ezta ahazteko eskatzen ere, guk ez baitugu ahaztu nahi". Azaldu du ez dutela onartuko "gertatutakoaren bertsio partzial eta desitxuratu bat".

Sortuk deituta, manifestazioa egin dute arratsaldean Bilbon, Brouarden kontsulta zegoen tokitik —hots, Errekalde zumarkalearen eta Juan Ajuriagerra kalearen arteko kantoitik— abiatuta. Amaieran, Amaia Izko Sortuko bozeramaileak eta Jose Luis Elkoro ezker abertzaleko militante historikoak egin diete lore eskaintza Muguruzaren eta Brouarden argazkiei.

Izkok hartu du hitza: "Santi, Josu eta beste hainbat kideren borroka, euren ametsak, euren ekarpen humano eta politikoa, gure eguneroko borrokaren iparra dira. Eurek bezala, Independentzia eta Sozialismoa ditugu helburu eta ez dugu etsiko Euskal Herriko askapen nazionala eta soziala irabazi arte". "Gakoa" Euskal Herrian dagoela azpimarratu, eta Madril eta Parisera begiratzeari uztera deitu du: "Zuek, guk, dugu gakoa. Independentziaren zikloari ateak ireki behar dizkiogu denon bultzadaz".

Ostegunean, minutu bateko isilunea eginez omendu zuten Brouard Eusko Legebiltzarrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.