Santi Santamaria (Herrialde Katalanak, 53 urte) sukaldaria hil da, ustekabean, Singapurren, haren jatetxe Can Fabes-eko iturriek jakinarazi dutenez. Singapurren daukan jatetxe bat bisitatzera joana zen Santamaria -bere alabak du ardura-, eta bertako langile batek eman die heriotzaren berri herrialdeko erakunde ofizialei eta Espainiako enbaxadari.
Diplomazia arloko iturriek Efe berri agentziari esan diote ustez bihotzekoa izanda zendu dela hura.
Duela hiru urte Santamariak, La cocina al desnudo argitaratu zuenean, indartsu astindu zuen sukaldarien mundua. Izan ere, gaur egungo sukaldaritzan erabiltzen diren teknologia eta osagaien kontra egin zuen. "Ongi etorria izan dadila teknologia, baina teknologia ez da produktua. Egun sukaldeetan indarra duten produktuak ez datoz lurretik, naturatik; lantegi kimikoek ekoitzitakoak dira", idatzi zuen liburuan.
Euskal sukaldariak ere haserrearazi zituen; Juan Mari Arzakek, Pedro Subijanak edota Martin Berasategik gogor kritikatu zuten hura. "Santamariaren zalapartaren ostean, hainbat sukaldari gaztek deitu didate, larrituta, zer egin behar zuten galdezka. Nik esan diet eboluzionatu behar dutela, betiere zaporea eta produktuari eutsita. Ez dut inor ezagutzen produktu txar batekin plater ona egin duenik, baina bai alderantziz", zioen Arzakek.
Honek gaur adierazi du, "polemika hura arren, betiko laguna" izan duela hura.
Santamariak Sant Celonin (Bartzelona) ireki zuen bere lehen jatetxea, 1981ean, eta 1994an Michelin gidako hirugarren izarra lortu zuen -lehen katalana izan zen halako saria eskuratzen-. Madrilen ere zabaldu zuen jatetxea -izen berekoa-, eta horrek bi izar ditu. Haren jatetxe Evok (Bartzelona) eta Tierra de Toledok (Espainia) bana dute. Dubain eta Singapurren ere jatetxe bana zabaldu zuen.
gastroNOMIA
Santi Santamaria sukaldaria hil da, Singapurren
Ustez bihotzekoa izanda zendu da. Katalanak duela hiru urte polemika handia sortu zuen, gaurko sukaldaritzan erabiltzen diren teknologia eta osagaien kontra eginda. Michelin gidako zazpi izar zituzten haren jatetxeek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu