Iruñeko Justizia jauregian deklaratu du gaur Santiago Cervera PPko diputatu ohiak. 2012ko abenduan atxilotu zuten Iruñeko harresietan Jose Antonio Asiain CANeko presidente ohiari xantaia egin ziolakoan. Gaur, Justizia jauregiaren atarian esan du "ondo" dagoela, nahiz eta duen egoeraren barruan "ondo" zehaztu. "Beste bizitza bat daramat orain, baina nik uste, ondo", adierazi du hedabideen aurrean.
Bigarren aldiz deklaratu du Cerverak, eta bere iritziz nahikoa denbora pasatu da bere auzian erabaki bat hartzeko, "kontu hau gehiago ez luzatzeko". Hasieratik Justiziarekin kolaboratzeko prest agertu zela nabarmendu du, eta forudun izaerari uko egin ziola. Apirilean deklaratu zuen lehen aldiz.
2012ko abenduaren 7an atxilotu zuten. Asiaini posta elektronikoz eskatu zioten 25.000 euro uzteko Iruñeko harresietan, abokatu bezala CANi diru kopuru handiak fakturatu zizkiola ez zabaltzeko. Dirua abenduaren 7an uzteko eskatu zioten igeriketa klubaren ondoko harresietan. Asiainek salaketa jarri zuen.
Guardia Zibilak zaintza operazio bat abiatu zuen orduan, dirua nork jasotzen zuen ikusteko. Orduan agertu zen Cervera hitzartutako lekuan, eta atxilotu egin zuten. Cerverak salatu zuen segada bat jarri ziotela eta berari ere posta elektronikoz hara joateko eskatu ziotela, CANi buruzko informazioa gutun batean jasotzera.