Bart Santiagon gertatutakoa da azken hamahiru urtean Europan izan den tren istripu larriena. Lehenago, 2000. urtean, Austrian 155 lagunek galdu zuten bizia, eskiatzailez beteta zihoan funikular batek sua hartu zuenean tunel baten erdian.
1988ko abenduan, Londresen bi trenek elkar jo eta 35 pertsona zendu ziren. Hamaika urte geroago, 1999ko urrian, beste 11 hildako izan ziren Erresuma Batuan. Kasu hartan, Londresko Paddington geltokian tren batek ez zion jaramonik egin semaforo gorriari, eta beste tren bat jo zuen.
2003ko maiatzean beste tren istripu larri bat gertatu zen, Hungarian. Budapest-Nagykanizca trenak autobus turistiko bat harrapatu zuen, edadetu alemaniarrez lepo zihoana, eta, orotara, 34 pertsonak galdu zuten bizia. Urte hartan bertan, ekainean, Cartagena Madril ibilbidea egiten ari zen trenak karga bagoidun beste bat jo zuen Chinchillan (Albacete, Espainia), eta 17 lagun hil ziren. 2005eko urtarrilean, beste tren istripu batean, 17 pertsonak galdu zuten bizia Bolonian, Italian.
2006. urtea zorigaiztokoa izan zen. Montenegroko hiriburutik gertu, Podgorican, tren bat bidetik atera eta amildegitik behera erori zen. Biktimen kopurua: 46 hildako eta 198 zauritu. Uztailean, 41 lagunen gorpu aurkitu zituzten Valentziako Jesus metro geltokian, lur azpiko tren bat bidetik atera ostean. 2013ko maiatzean, fiskaltzak ikerketa bat zabaldu zuen istripu hura argitzeko.
2006ko irailean, 23 lagun hil ziren Alemanian. Magnetismo bidezko lebitazioa duen tren batek mantentze lanetarako ibilgailu bat harrapatu zuen Emsland inguruan.
2009ko ekainean, karga bagoidun tren batek eztanda egin eta hainbat etxeren sutea eragin zuen Italiako kostaldeko Viareggio hirian. Guztira, 22 lagun hil ziren. Urte bat geroago, Buizingo herrian (Belgika) 18 pertsona hil ziren tren bik elkar jo ostean.
Azken tren istripu larria 2012ko martxoan izan zen, Polonian. Egun hartan, tren bik elkar jo zuten Szczekocinytik gertu, eta 16 lagun hil ziren eta 58 zauritu.