Santuekin gisatua egiten

Ateismo Berriaren Lau Zaldizkoak dira sinesgabeen lider ezagunenak gaur egun. Kritika zorrotzen zale, haiek ere jaso dituzte kritikak.

Irune Lasa.
2013ko martxoaren 17a
09:12
Entzun

AEBetako Fox kateak joan den igandean eskainitako The Simpson marrazki bizidunen atalean, Flanders elizkoia infernuan sartu zen amesgaizto batean. Eta hantxe agertu zitzaion Richard Dawkinsen aurpegia eta ahotsa zituen deabrutzarra: "Santu katolikoen gisatua egiten ari naiz!", esaten zuen, San Sebastian gezi eta guzti irentsi aurretik.
Eboluzioaren biologian aditua da Richard Dawkins britainiarra, eta ateismoak munduan duen aurpegi ezagunenetakoa da, baita haren izena daraman Arrazoiaren eta Zientziaren Aldeko Fundazioa ere. Ateismo Berriaren Lau Zaldizkoetako bat ere bada Dawkins, Daniel Dennet zientzialari kognitibo eta filosofo estatubatuarrarekin, Sam Harris neurozientzialari eta idazle estatubatuarrarekin eta 2011n hildako Christopher Hitchens kazetari eta idazle britainiarrarekin batera. Lau Zaldizkoen goitizena BBCk jarri zien, eta haiek, harro, bere egin zuten, 2007an laurak bildu zituen eztabaidari titulua emateko.

Desberdintasunak izan arren, zenbait gaitan bat egiten dutela esan daiteke, hala nola erlijioak eta teismoa kritikatu eta sekularismoa bultzatzeko orduan, baita beren arrazoibideetan zientzia erabiltzeko joeran ere. Neurri handi batean, bat egiten dute Stephen Jay Gould zientzialari ezagunaren NOMA printzipioa kritikatzeko ere. Non-overlapping Magisteria printzipioarekin (gainjarrita ez dauden irakaspenak), Jay Gouldek zioen zientziaren eta erlijioaren irakaspenak estu loturik egon arren ez zirela nahasten, ura eta olioa bezala. Zientzia enpirismoaren eta behaketaren erreinura mugatzen zuen, eta balio moralak, erlijioarenera.

Zientifismoan erortzea, gauza guztiei ikuspuntu zientifikotik begiratzea da lau zaldizkoei eta, oro har, ateoei egiten zaien kritika handienetako bat. Baina ez bakarra, inondik ere. Laurek gaion inguruan idatzitako liburuen salmenta ikusgarrien parekoa da haiek jende askorengan piztutako haserreen neurria.

Fundamentalismoa leporatu zaie, baita jarrera zakar eta erasokorra izatea ere, eta ez soilik mundu erlijiosotik. Horren adibide da iaz Peter Higgs fisikariak, Higgs bosoiaren aitak esandakoa: "Dawkins askotan fundamentalisten aurka aritzen da, baina sinestun asko daude horrelakoak ez direnak", zioen. "Beste modu batera, Dawkins ere fundamentalista da".

2007ko eztabaidan, kritika horiei erantzun zien Dennetek. Kontatu zuen, bere liburuetako batekin arrazoizko sinestunengana iritsi nahian, nola saiatu zen zirriborroa ikasle fededunekin testatu eta orrazten, zakarregia izan ez zedin. "Behin eta berriz doitu nuen". Alferrikakoa zela ohartu zen arte. "Erlijioek ezinezko bihurtu dute haienganako desadostasun kritikoa agertzea, zakarra izan gabe" .

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.