«Santurtzi denon artean egin behar dugu; oposizioarekin hitz egingo dugu»

Santurtzik «premiazko aldaketa» behar zuela uste du Ituartek, eta, horregatik, EAJk ideologia guztietako jendearen botoak jaso dituelakoan dago.

Oihana Elduaien Uranga.
2007ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Jasotako babesarekin harrituta baina erantzukizunez eta konpromisoz eginbeharrei heltzeko gogoarekin dago Ricardo Ituarte, EAJko zerrendaburua Santurtzin. Gehiengo osoa lortu zuen EAJk herri horretan, eta alkate izango da.

24 urteren ostean, EAJk Santurtziko alkatetza lortu du. Zer deritzozue?

Oso garrantzitsua da emaitza; batez ere, herriarengan pentsatuta. Aldaketa beharrezkoa zen. Eskerrak eman nahi dizkiegu herritarrei, konfiantza eman digutelako. Orain lanean hasi behar dugu piztu den itxaropen handi horri hutsik ez egiteko. Badakigu ideologia mota guztietako jendeak eman diola botoa gure zerrendari. Baina esan nahi dut, gehiengo osoa lortu dugun arren, ez dugula gehiengo osoa bagenu bezala gobernatuko. Santurtzi denon artean egin nahi dugu. Oposizioarekin hitz egingo dugu. Uste dut denon artean lana egin behar dugula, eta elkarrizketaren aldeko jarrera izango dugu. Horregatik, bideak irekiko ditugu oposizioak ere lekua izan dezan.

3.000 botoko aldea atera diozue bigarren zerrendari, PSE-EErenari. Herritarrek zer egin dute: PSE-PP koalizioa zigortu edo zuen kudeaketa saritu?

Duela lau urte, EArekin koalizioan, PSE-EEk baino 1.000 boto gehiago lortu genituen. Santurtzi aldaketa eskatzen ari zen orduan ere. Pasa diren lau urte hauek baieztatu dutena ez da Santurtzin aldaketa beharrezkoa zela, baieztatu dutena da aldaketa premiazkoa eta atzeraezina zela. Uste dut, horregatik iritsi zaigula boto uholdea. Aurrekoan kalean batek gelditu ninduen, eta esan zidan lehenengo aldia zela EAJri bozka ematen ziola, eta mesedez, hutsik ez egiteko.

Horrenbeste boto izango zenituztenik uste al zenuten?

Ezusteko handia izan da. Gauzak egiteko beste modu bat bazegoela pentsatuz aritu gara lanean lau urtean. Hori izan da hauteskundeetara aurkezteko gure modua. Uste genuen babes handia izango genuela, baina hainbeste izango zenik ere ez genuen pentsatzen. Sorpresa atsegina izan da, baina baita erantzukizun handia ere. Garaipena izango da hurrengo lau urteetan gai baldin bagara hutsik ez egiteko, eta piztu diren itxaropenei erantzuteko. Hala egingo dugula uste dut. Ez dut zalantzarik.

Zergatik uste duzu aldaketa beharrezkoa zela Santurtzin?

Inguruko herriak aurrera egiten ari ziren bitartean, Santurtzi atzeraka ari zen. Dena den, ez dugu atzera begiratu nahi. Santurtziarrek pasatakoa atzean utzi, eta aurrera begiratzeko eskatu digute. Eta hala egingo dugu. Ez ditugu errepikatu nahi lehen egon diren hutsegiteak.

Aurreko agintaldiko gobernuak ustez egin zuen iruzur urbanistikoak eraginik izan du aldaketan?

Zalantzarik ez dago. Hainbat auzi egon dira pasa den legegintzaldian oso eztabaidagarriak izan direnak.Promes asko egin dituzte bete ez dituztenak. Etxebizitzaren gaia esaterako, premiaz heldu behar den gaia da, edo autoak aparkatzeko zailtasunak... hori guztia ez konpontzea eta ustezko iruzurren gaia gehituta, atsekabea orokorra izatea eragin du. Guztiak eragin du pazientzia amaitzea. Atsekabe hori ilusio bihurtu da orain.

Zer egin asmo duzue hutsik ez egiteko?

Gure programa abiatuko dugu. 182 proposamen dira. Lehenbailehen lanean hasi nahi dugu. Gauza batzuk ezingo ditugu hasi eta bukatu, baina uste dugu urrats garrantzitsuak egin daitezkeela lehenengo egunetik.

Zeintzuk dira lehentasunak?

Hiru ardatz ditugu. Gazteentzako etxebizitza plana lantzea; autoen aparkalekuekin dagoen arazoa konpontzea, herritarrentzat aparkaleku gehiago jarriz prezio eskuragarrian; eta azkenik, gure kaleen eta garbiketen arazoa hobetzea.

Santurtzin 2.000 boto inguru izan dira baliogabeak, EAE-ANVri dagozkionak. Boz horiek aintzat hartuko dituzue?

Guk lortu ditugun 11 eserlekuak, EAJk lortu ditu hauteskundeetan. Alderdi politiko askotako jendeak eman digu babesa, orain arte beste aukera politiko baten alde egitenzuen jendeak, ezker abertzalekoak barne. Nabarmendu nahi dudana da EAJk jasotzen dituen zinegotzi akta guztiak EAJk jasotako botoetakoak direla, hautestontzietan lortutakoak. Aukera hori baliogabetuta geratu da Alderdien Legea dagoelako da, eta gure ustez, ez da batere justua. Baina aukera politiko batek aurkezteko aukera ez izatea ez da EAJren errua, ezta santurtziarrei botoa eman dieten 9.898 pertsonena ere.

Baina egia da 2.000 santurtziar inguruk ez dutela ahotsik izango udalean. Zerbait egingo duzue ordezkaritza horrek modu batera edo bestera udalean parte hartu ahal izan dezan?

Egoera dena da. EAE-ANVri debekatu egin diote aurkeztea. Egoera hori bada, EAJtik ez daukagu ezer egiterik. Santurtziarrek emandako agintea bete baino ez dugu egin behar. Auzitegietako erabakiak datozen moduan datoz, eta ezin dugu ezer egin hori aldatzeko. Baina, hartzen dugun konpromisoa da santurtziar guztiei udaletxeko ateak irekitzea. EAE-ANVko boto-emaile izan, edo PPkoa izan.

Oro har, EAJren hauteskunde emaitzak zer iruditu zaizkizu?

Denetik egon da. Positiboen artean gehiengo osoak dauzkagu Santurtzin, Abanton, Ortuella ere gertu ibili da... Kontrako aldekoak ere badaude. Abstentzioa altua izan da, eta horrek kalte egin digu. EArekin koalizioan ez joateak eta kalte egin digu, nire iritzian.



NorTasun aGIrIa

Jaioteguna. Santurtzin, 1975eko abenduaren 9an.

Ikasketak. Zuzenbide lizentziaduna.

Ibilbide politikoa. 2003an aurkeztu zen EAJrekin, eta oposizioan eleduna izan da.

Zaletasuna. Musika, futbola eta lagunekin eta familiarekin egotea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.