Bilboko Errefuxiatuari Laguntzeko Batzordeko kideek (CEAR) gogor salatu dute Grande Brasile izeneko ontzia ostegun gauean, barruan ezkutuko bidaiari bat zeramala, itsaso zabalera abiatu izana. CEARek jakinarazi duenez, ezkutuko bidaiariari ez zioten ez sorospen juridikorik ez laguntza medikorik eman ontzia Bizkaiko eremuan egon zen bitartean. Suediako bandera zeraman ontzi horrek 22:00ak aldera utzi zuen Santurtziko portua.
Ezkutuko bidaiaria afrikarra zela baino ez dakite CEAR ekoek. Badirudi, Dakar hiriko portuan (Senegal) sartu zela ontzian inor ohartu barik, duela hogei bat egun. Ontzia, geroztik, Tilbury hiriko (Erresuma Batua), Hamburgeko (Alemania), Ambereseko (Belgika) eta Le Havreko (Frantzia) portuetan izan zen hilaren 14an Bizkaira heldu aurretik. Errefuxiatuen aldekoek esan dutenez, ez dute jakiterik izan aipatu portuetan bidaiariak inolako laguntzarik jaso duen. Grande Brasile ontzia Grimaldi konpainia italiarrarena da eta Afrikarako bidea hartu du berriro ere. «Ezkutuko bidaiaria hor zegoela jakin eta berehala, CEAR batzordeko kideok faxa igorri genion Espainiako Gobernuak Bizkaian duen ordezkariari Asilo eta Atzerritartasun legeek agindutakoak bete zitzatela eskatuz», azaldu dute. Legez ezkutuko bidaiariek laguntza juridikoa jaso eta asiloa eskatzeko eskubidea dute. Horregatik, salaketa egin dute CEARekoek: «Atzerritarrei dagozkien eskubideak urratu dituzte, berriro ere, azalpenik eman gabe».
IMMIGRAZIOA. POLIZOIAK
Santurtziko portuan babes juridikoa ukatu diote ezkutuko bidaiari bati
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu