Ehunka herritar bildu zen atzo iluntzean Santurtzin (Bizkaia), igandean ustez bikotekideak hildako Doccas Daviden hilketa gaitzesteko. Haiekin batera, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna aldarrikatu zuten hainbat alderditako ordezkari politikoek. Santurtziko Udalak dolumina eta elkartasuna adierazi zien biktimaren senideei, eta auzi horretan herri akusazio gisa aurkezteko konpromisoa hartu zuen.
Herenegun arratsaldean, laurak aldera aurkitu zuen Ertzaintzak 26 urteko emakumearen gorpua, bere etxean, Santurtziko Ramon y Cajal kalean. Eskuak eta oinak lotuta zeuzkan, eta indarkeria nozitu izanaren zantzuak; etxean odol arrasto ugari zegoen. Ikerketaren lehenengo ondorioen arabera, itota hil zen Doccas David igande goizean, baina oraingoz ez dago autopsiaren emaitzen berri.
Ertzaintzak berehala atxilotu zuen haren bikotekidea, 32 urteko gizonezko santurtziarra, hilketa berak egin zuela aitortu baitzien. Ertzaintzak jakitera eman duenez, beste emakume batekiko urruntze agindua zuen ustezko hiltzaileak, 2007ko maiatzetik.
Halaber, zenbait hedabidek zabaldu dutenez, gizonak emakumearen gorpuaz libratzeko asmoa zuen, eta adiskide bati deitu zion laguntza eske. Ertzaintzak ez du informazio hori baieztatu. Edonola ere, biktimaren eta ustezko hiltzailearen inguruko pertsona batek egindako telefono deiaren bidez izan zuten ertzainek gertaeraren berri. Patruilak haren etxean zeudela agertu zen ustezko hiltzailea, eta bere giltzekin ireki zuten atea ertzainek.
Epailearen aurrean deklaratu zuen atzo arratsaldean Doccas Daviden ustezko hiltzaileak. Ondoren, espetxera bidaltzeko agindua eman zuen epaileak, eta Basauriko (Bizkaia) kartzelara eraman zuten.
Gaitzespena, aho batez
«Doccas David, XXI. mendean dugun gaitz handienetakoaren, emakumeen kontrako bortizkeriaren, beste biktima baten hilketaren aurrean, gure gaitzespen sendo eta gogorrena erakutsi nahi dugu». Santurtziko Udala osatzen duten alderdi politiko guztiek (EAJ, EB, PSE-EE eta PP) aho batez onartu dute hilketa gaitzesteko adierazpen instituzionala. Biktimaren senideei dolumina eta elkartasuna adierazteaz gain, behar dituzten gizarte baliabideak eskuratzeko laguntza eskaini die Udalak. Halaber, emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde eta genero indarkeriaren aurka «gizarte osoaren inplikazioa» behar dela nabarmendu du.
Ildo beretik mintzatu da Rafaela Romero Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea. «Zuzenbide Estatuaren beraren aurkako atentatua da», adierazi du genero indarkeriaren inguruan. Tratu txarrak eragiten dituztenei, gizarteak «tolerantziarik eza» erakutsi behar diela nabarmendu du. Halaber, tratu txar horiek jasaten dituzten emakumeen babes neurriak ebaluatzerakoan, «kontu handiagoa» eskatu du.
Ezker Batuak ere «erabateko gaitzezpena» adierazi du jazoeraren inguruan . Genero indarkeria desagertze aldera, ezinbestekotzat jo du instituzioen lana, «herritarrek kontzientzia har dezaten».
Elkarretaratzeak
Doccas Daviden hilketa arbuiatzeko zenbait kontzentrazio egongo dira egun hauetan. Gaur, 12:00etan, Sestaoko (Bizkaia) udaletxe aurrean bilduko dira, bertako Udaleko Berdintasun Sailak deituta. Bihar, berriz, Bilgune Feministak antolatutako manifestazio eta protestak izango dira Euskal Herri osoko hainbat txokotan.