'can auzia'

Sanz, Maia eta Miranda inputatu dituzte CANeko dieten auzian

Maria Paz Benito Iruñeko 3. instrukzio auzitegiko epaileak Nafarroako Kutxako dieten auzian inputatu gisa deklaratzera deitu ditu Miguel Sanz presidente ohia, Enrique Maia Iruñeko alkatea eta Alvaro Miranda Ekonomia kontseilari ohia. Miguel Sanz hilaren 12an deitu dute deklaratzera, Enrique Maia apirilaren 15ean eta Miranda 16an. Kontuz-ek pozik hartu du albistea; uste du Barcina foruduna izango ez balitz, "dudarik gabe" inputatuta legokeela.

Joxerra Senar-Berria.info
2013ko apirilaren 2a
18:56
Entzun

Sanz, Miranda eta Maiarekin batera, ikerketa judizialpean den Erakunde Sortzaileen Batzorde Iraunkorretik dietak ere kobratu zituen Yolanda Barcinak. Gaur egun foruduna denez, auzitik kanpo dago. Bere aurkako salaketarik ez da jarri, bestela auzia Gorenak ikertuko beharko lukeelako. Horregatik, Kontuz elkarteak dimititzeko eta epaitegien aurrean erantzuteko eskatu izan dio. Nafarroako Kutxako Erakunde Sortzaileen Batzorde Iraunkorrean hamasei bileraren truke, Sanzek 30.000 euro jaso zituen, eta Barcinak, 19.200.

Horrez gain, epaileak Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Sailari eskatu dio diru sarien inguruan egon daitekeen edozein informazio igortzeko —kobratzeko baldintzak, aurrekontua...—.

Martxoaren 21ean Maria Paz Benito epaileak CANeko diru sarien auzia Auzitegi Nazionalera igortzea alboratu zuen; batzorde iraunkorreko dieten oinarri juridikoa "zalantzazkoa" dela eta eroskeria delitua egon daitekeela zioen autoak. Dietei dagokienez, epaileak uste du Iruñean ikertu behar direla han kobratutako diru kopuruek "ez dutelako zerikusirik CANen balizko deskapitalizazioarekin". Epaileak gaineratu zuen bilera horien testuingurua ulertuta eta lau politikariek jasotako diru sariak handiak izan arren bere kopurua "irrigarria" dela "baldin eta erakundearen finantza egoera osoa aintzat hartzen bada". 

Kontuz: "Pauso bat besterik ez da, baina erabat pozik gaude"

Patxi Urrutia Kontuz kontsumitzaileen elkarteko kidea "pozik" agertu da erabakiaren berri izan ostean, Euskadi Irratian egindako adierazpenetan. Haren arabera, "argi" ikusten da Nafarroako Kutxan gertatutakoaren susmoa "egiaztatzen" ari dela; hala ere, adierazi du ez dela auzia amaitu: "Pauso bat besterik ez da, baina erabat pozik gaude".

Urrutiak esan duenez, auzia ez da Kontuz-en eta CANen artekoa, "nafarren eta nafarren kudeatzaile ustelen artekoa" baizik.

Patxi Zamora Kontuz-eko bozeramaileak egindako adierazpenetan, esan du Barcina "foruduna izango ez balitz, dudarik gabe inputatuta" legokeela. Zamorak azaldu du elkarteak ez zuela Barcina salatu ulertzen zutelako Nafarroako Kutxan gertatukoa Nafarroan gertatu dela. "Protagonistak eta arduradunak hemen daude, hemengoak dira eta sufritzaileak ere hemengoak gara", esan du. 

"Guk ez dugu inor kartzelara joaterik nahi, baina behartu egin gaituzte horrelako ekimen judizialak hartzera, Nafarroako Kutxaren desagertzearen arduradunek ez dutelako gertatutakoaren berri eman nahi izan", gaineratu du. Zamoren iritziz, epailea "oso ausarta" izaten ari da, eta haren lana "baliagarria" izango da Nafarroako Kutxan gertatutakoaz "apur bat gehiago" jakiteko.

Sanz, "harrituta"

Eduardo Ruiz de Erentxun Sanzen abokatuak jakinarazi duenez, Sanzi ez zaio "batere" gustatu inputazioa, eta gainera, "harritu" egin du. Cadena Ser irratian emandako elkarrizketan adierazi du "sakon" aztertuko duela epailearen autoa, erabakitzeko helegiteren bat aurkeztu edo ez. Hala ere, Sanzen abokatuak argitu du helegite batek ez lukeela Sanz deklarazioa atzera botako.

 

 

 

.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.