Nafarroako presidentearen inbestidura saioa

Sanzek ez ditu behar adina boto eskuratu lehen bozketan

PSNko parlamentariek UPNko hautagaiaren kontrako botoa eman duten aurreneko txanda horretan, eta, ondorioz, aldeko 24 boto, kontrako 25 eta baliogabe bat jaso ditu Sanzek. Bihar, 17:00etan, errepikatuko dute bozketa, eta PSN abstenitu egingo da. Bigarren horretan Sanzek nahikoa du gehiengo sinplea presidente hautatua izateko.

2007ko abuztuaren 10a
15:59
Entzun
Arratsaldeko hiru eta erdiak aldera amaitu da Nafarroako Parlamentuan presidentea aukeratzeko lehen bozketa. UPNko Miguel Sanz zen hautagai bakarra, eta ez du behar adina babesik lortu lehendakari izendatua izateko: aldeko 24 boto jaso ditu (UPNrenak eta CDNrenak), kontrako 25 (NaBai, PSN eta NEBrenak) eta baliogabe bat.

Lehen bozketa horretan UPNko hautagaiaren kontra bozkatu dute PSNko parlamentarioek, baina bihar abstenitu egingo direla iragarri dute PSOEko zein PSNko buruzagiek. Ondorioz, ezusterik ezean, aldeko 24 boto izango ditu biharko bozketan, kontrako 14 (NaBairen 12 eta NEBren 2), eta PSNko ordezkarien 12 abstentzioa. Bigarren bozketan gehiengo sinplea nahikoa du Sanzek, eta, beraz, aurreikusitakoa beteko balitz bihar eskuratuko luke Nafarroako presidentetza. Bihar arratsaldeko bostetan jarri du bozketa egiteko hitzordua Helena Torres Parlamentuko presidenteak.

Gaur, bozketaren aurretik, Sanz hautagaiak atzo egindako hitzaldiari erantzuteko aukera izan dute Nafarroako Parlamentuan ordezkaritza duten alderdietako ordezkariek, handienetik txikienera. Hala, UPNko bozeramaile Carlos Garcia Adanero izan da eztabaidan parte hartzen lehendabizikoa, eta erabateko babesa agertu dio Sanzi.

NaBairen txanda iritsi da hurrena, eta Patxi Zabaleta bozeramaileak gogor kritikatu du Sanzek atzo zabaldutako mezua. Elkarrizketa eta elkarbizitzaren kontra aritzea egotzi dio, nafarren zati baten nortasuna ukatu eta zatiketa eragitea, eta, gainera, "Madrilen zentralismoari" esker izango dela Nafarroako presidente esan dio Sanzi.

PSNko bozeramaile Roberto Jimenez mintzatu da hirugarren lekuan, eta UPNren eta CDNren koalizio gobernuak aurreko legegintzaldian egindako politika arbuiatu arren, beste aukera bat eman dio Sanzi. Hala ere, ez dela "txek zuri" bat ohartarazi dio. UPNko hautagaiak erantzunen txanda baliatu du berriro ere PSNri gobernuan sartzeko eskaintza egiteko eta batzeko dituzten arrazoiak banatzen dituztenak baino gehiago direla adierazteko.

NEBko ordezkari Ion Errok zatiketa eta bazterketa eragitea egotzio dio Sanzi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.