Espero bezala, Nafarroako Gobernuak PSNrekin negoziatu eta hitzartu nahi ditu 2009. urteko aurrekontuak, Miguel Sanz lehendakariak gaur jakinarazi duenez. Gainera, 2008a amaitu baino lehen lortu nahi du akordioa. UPNk eta CDNk osatzen dute gobernua, eta ez daukate gehiengo osorik -bi diputatu falta zaizkie horretarako-. Nafarroa Bai eta NEB dira Parlamentuko beste alderdiak -EAE-ANV baliogabetu egin zuen Espainiako Justiziak-.
2008ko aurrekontuak ere PSNrekin hitzartu zituzten UPNk eta CDNk. "Ondo joan da dena", esan du Sanzek, eta "ondo joan beharko luke".
"Lehenbailehen" hasiko dituzte sozialistekin negoziazioak, eta "krisi ekonomikoa" izango da kontuak baldintzatuko dituena, lehendakariaren arabera. "Gastuak murriztu beste biderik ez da izango". Murrizketa horiek "gizarte politika sakonenei" ez dietela eragingo nabarmendu du. Nafarroako administrazioko langileak itun berriaz hizketan ari dira gobernuarekin, eta Sanzek langile horiei, krisia dela kausa, "gehien behar dutenekiko ahalegina" egiteko eskatu die.
PSN "gaurko egoeraz jakitun" dela uste du Nafarroako gobernuburuak, "Espainiako Gobernuan ardurak dituelako bere alderdiak".
Gobernuak urriaren 31n onartuko du datorren urteko aurrekontuen lege egitasmoa, eta orduan Parlamentura bideratuko du, eztabaidatzeko.
Politika
Sanzek PSNrekin hitzartu nahi ditu 2009ko aurrekontuak, urte hau bukatu aurretik
"Krisi ekonomikoa" dela-eta, "gastuak murriztu beste biderik ez da izango", Nafarroako lehendakariaren ustez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu