Gorka Urtaran Gasteizko alkateak Sara Buesa udaleko Gizarte Politika Saileko zuzendari izendatu du gaur, Gobernu Batzordearen ondoren. Fernando Buesa zenaren alaba da. ETAk hil zuen hura. EAEko PSEren buruetakoa izan zen.
Udaleko zuzendaritza karguak, "ahal den guztietan", bertako langileak izango direla adierazi dute, eta horren harira hartu dituzte erabakiak. Beste hainbat funtzionario ere gaur izendatu dituzte sailetako buru: Enrike Ruiz de Gordoa, Kultura, Hezkuntza eta Kirola Sailaz arduratuko da. Juncal Ibeas, Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren Saileko zuzendari jarri dute. Itziar Gonzalo de Zuazo da Ekonomiaren eta Udal Administrazioaren Arloko koordinatzaile nagusi berria.
Gobernu Batzordeak adierazi du Gonzalo de Zuazoerena "pisu handiko" kargua dela, beregan hartzen baititu Herritarren Segurtasuna, Ogasuna eta Aurrekontu Saila, Funtzio Publikoaren Saila, Enplegua eta Garapen Ekonomiko Iraunkorra, baita Udal Administrazioaren Saila ere.