Euskal presoak

Sara Fernandez oroitu, eta urruntzea amaitzeko eskatu dute Iruñean

"Sara Fernandez eta urruntzeak eragindako hamasei hildakoen aitortza ezinbestekoa" dela nabarmendu du Etxerat-ek, "sufrimenduarekin behingoz amaitzeko". Valdemoroko espetxera (Madril) lagun bat bisitatzera zihoala hil zen Fernandez, gaur hamabost urte.

Fernandezen omenez egindako ekitaldia, gaur, Iruñean. IDOIA ZABALETA, FOKU
2018ko azaroaren 29a
07:20
Entzun

Hamabost urte dira Sara Fernandez errepidean hil zela, Arand de Dueron (Espainia), Valdemoroko espetxera (Madril) lagun bat bisitatzera zihoala. Sakabanaketa eta urruntze politikaren biktima gisa aitortzeko beharra nabarmendu dute gaur Iruñean haren egindako ekitaldian. Manifestazio bat egin dute aurrena, Baratxuri plazan hasita, Dispertsioarekin amaitu. Sara gogoan zaitugu lelopean. Aldapa kalean bukatu dute mobilizazioa, eta ekitaldia egin dute ondoren.

Besteak beste, Sara Fernandezen ahizpa Anak eta Etxerat elkarteko kideek hartu dute hitza, Fernandez eta urruntze politikaren ondorioz hildako gainerako senide eta lagunak biktimatzat aitortzeko eskatuz: "Sufrimenduarekin behingoz amaitzeko bermea izan behar dute aitortza hoiek".

Iruñeko Udalak, hain zuzen, astelehenean egin zion aitortza hori. Adierazpen bat onartu zuten udalbatzan, EH Bilduren, Geroa Bairen, Aranzadiren eta Ezkerraren botoekin, Fernandez sabakanaketaren biktima gisa aitortuz. PSNren zuzenketa batek ere egin zuen aurrera, sakabanaketa politika amaitu dadila galdeginez. Foro Sozialak "ezinbesteko pausotzat" jo zuen ekinbide hori, "bizikidetza eraikitzeko" bidean.

Zendu berritan, Celes Alvarez ere gogoan izan dute ekitaldian. Jose Migel Etxeberria Naparra-ren ama zen, eta lau hamarkada egin ditu semearen bila. Desagertuta dago oraindik Naparra.

Solaguren, abenduaren 6an

Fernandez ez ezik, beste hamabost lagun ere hil dira antzeko egoeran. Horietako bat da, esaterako, Karmele Solaguren —2004an hil zen—. Barañaingo Karmele Gogoan ekimenak ekitaldi bat antolatua du haren aitortza eskatzeko; abenduaren 6an izango da, 12:00etan, Solagurenen omenezko oroigarrian. 2004-2018, ukaziotik aitortzara izenpean egingo dute ekitaldia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.