POLITIKA

Sarako auzapezak eta gainontzeko 22 hautetsiek bat egin dute Udalbiltzarekin

“Lankidetza eta kohesioa” lantzeko beharra azpimarratu dute Battitt Laborde Sarako auzapezak, Mertxe Aizpurua Udalbiltzako lehendakariak eta Igor Aierbe Ataungo alkateak, gaur goizean egindako ekitaldi instituzionalean.

Udalbiltzako ordezkariak eta Sarako hautetsiak. UDALBILTZA
Iparraldeko Hitza
2014ko irailaren 15a
15:37
Entzun

“Euskal herritarrak garelako, gure herriaren alde lan egin nahi dugulako, euskara eta gure kultura azkartzeko, eta sinesten dugulako Euskal Herriko gainerako lurraldeekin batera lan egitea ezinbestekoa dela gure herriek aitzina egin dezaten”. Arrazoi horiek aipatu ditu Battitt Laborde Sarako auzapezak gaur goizean herriko plazan egindako ekitaldian. Hain zuzen, Labordek eta herriko bertze hautetsi guziek Udalbiltzarekin bat egin dute gaur, Sarako besten karietara egin ekitaldi instituzionalean. Udalbiltzan sartzeko urratsa egiteaz gain, elkarlana bultzatzearen garrantzia aldarrikatu dute parte hartzaileek. Labordek oroitu du Udalbiltza tresna garrantzitsua dela administrazioek ahalbidetzen ez duten herrien arteko kohesioa lantzeko. Bestalde, dei egin die Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoako bertze herriei Udalbiltzarekin bat egin dezaten.

Azken herriko bozen ondotik, Ipar Euskal Herriko dozenaka hautetsik bat egin dute jada Udalbiltzarekin. Atxikipen prozesua ez da oraindik bururatu, ordea, eta oraindik bat egin ez dutenak animatu nahi izan ditu Sarako auzapezak. Dagoeneko biltzarraren ordezkari kopurua aitzineko agintaldikoa baino handiagoa da. Saran, adibidez, Udalbiltzak ordezkari bakarra zuen lehen, eta orain, aldiz, 23 –hautetsi guziak– dira Udalbiltzako kideak.

Mertxe Aizpurua Udalbiltzako lehendakariak ere hitz egin du Sarako ekitaldian. Zazpiak bat leloa praktikan jartzeko deia egin du, horretarako lurralde kohesioan eta erakunde zein eragileekin elkarlanean sakondu behar dela adieraziz. Euskal Herriak pairatzen dituen arazoen artean, Ziburuko ikastolaren aurkako erasoa eta Uztaritzen euskara ofizial izendatzeko zailtasunak jarri ditu adibide gisa. Ipar Euskal Herrirako lurralde erakunde bat sortzeko Frantziak jarritako oztopoak ere aipatu ditu. Ekitaldiaren bukaeran Sarako herriari ongietorria egin dio Udalbiltzaren izenean.

Bestalde, Igor Aierbe Ataungo alkatea ere mintzatu da. Izan ere, Ataun eta Sara herriak senidetuta daude. Elkar ezagutzak garrantzia duela erran du Aierbek, eta horretarako senidetzea adibidez tresna baliagarria dela.

Aipatutakoez gain, ekitaldian izan dira ondoko hautetsiak: Zuberoatik Ruben Gomez Liginagako auzapeza; Lapurditik Nikolas Blain Makeako hautetsia, Iker Elizalde Hendaiako auzapezordea, Eneko Aldana-Douat Ziburuko hautetsia; Nafarroa Beheretik Lidia Arrossa Bidarraiko auzapezordea; Nafarroa Garaitik Migel Mari Irigoien Etxalarko auzapeza, Garbiñe Elizegi Baztango auzapeza, Maite Iturre Baztango hautetsia eta Udalbiltzako lehendakariordea; Arabatik Natxo Urkixo Laudioko auzapeza, Bizkaitik Maitane Nerekan Getxoko hautetsia; eta Gipuzkoatik Igor Aierbe Ataungo auzapeza, Igor Eguren Ordiziako auzapeza eta Mertxe Aizpurua Usurbilgo auzapez eta Udalbiltzako lehendakaria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.