Uholdeen arrastoak nabarmenak dira oraindik eurite handien ondorioz ibaiek gainezka egin zuten Lapurdiko eta Nafarroako inguruetan. Hala, lohiak mendean hartutako kale eta etxeak garbitzen ari dira gaur Baztanen (Nafarroa) zein Senpere, Sara eta Azkaine (Lapurdi) inguruetan. Ondareari dagokionez, Zugarramurdiko (Nafarroa) eta Sarako leizeetan kalte handiak izan direla agertu dute herri bateko zein besteko udalek.
Sarako leizeetan, esaterako, barruko bideak suntsitu ditu uholdeak. Leize horiek turismo handia ekartzen dute -ehun mila bisitari inguru jasotzen dituzte urtean-, eta 37 lagunek egiten dute han lana. Berriro noiz zabaldu ahal izango dituzte ez dakite, eta, beraz, kalte ekonomikoa handia izango dela uste dute. Zugarramurdiko leizeetan ere batetik bestera ibiltzeko eskailerak eraman ditu urak, eta, halaber, argiztapen sistema hondatu du. Ondorioz, bi astez itxita egongo dira.
Inguru horietako herritarrak egunerokora itzultzeko ahalegina egiten ari dira, baina Senperen denda bakarra zegoen gaur goizean zabalik, eta ogia baino ez zuen salgai. Halaber, edateko urik gabe dira Senperen eta Azkainen, uholdeek araztegia hondatu baitute. Datorren asteazkena arte ez dute araztegia behar bezala martxan jartzerik izango, eta, beraz, ur hornikuntzarik ez dute emango. Arazo hori konpondu arte eskolak itxita egongo dira.
Etxebizitza asko kaltetu ditu urak Senperen zein Azkainen. Hango herritarren arabera, 1983koen parekoak izan dira atzoko uholdeak, eta zenbait lekutan urak 3 metro iritsi zituela azpimarratu dute. Ehun bat suhiltzaile dabiltza inguru horretan lanean.
Baionan, berriz, sendi bereko hiru lagun hil ziren atzo euriteek eragindako istripu baten ondorioz: 31 urteko emakumezko bat, 37 urteko gizona eta 6 urteko haurra. Izan ere, luizia izan zen haien etxe ondoan, eta gas biltegia mugitu zuen. Ondorioz, gasa isuri egin zen, eta hura arnastuta hil ziren hirurak. 18 hilabeteko beste umea, berriz, bizirik atera da, beheko solairuan barik goikoan zegoelako. Hiru lagun horien hiletak astelehenean egingo dituzte, San Andres elizan.
Uholdeak Lapurdin eta Nafarroan
Sarako eta Zugarramurdiko leizeetan kalte handiak eragin dituzte uholdeek
Piskanaka bere onera etortzen ari dira uholdeak jasan dituzten Lapurdiko eta Nafarroako herriak. Hala ere, egun batzuk beharko dituzte normaltasuna iristeko eta kalte ekonomikoen zenbaketa osoa egiteko. Baionan hildako hiru lagunen hiletak astelehenean egingo dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu