Datorren larunbatean, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten euskal presoen askatasuna eskatu eta haien egoera salatzeko manifestazioa antolatu du Sare herritarrak, eta Etxerat presoen senide eta lagunen elkartearen babesa jaso du martxak. Agerraldi batean, gogorarazi dute egoera horretan daudela hamar preso.
Ibon Iparragirreren osasun egoerak okerrera egin duela azpimarratu du Etxerat-ek: "Hori adierazten dute azkenekoz egin dituen analitikek, zeinetan benetako arriskua suposatzen duten baloreak erregistratu dira. Jende orok daki ze suposatzen duen horrek Hiesa C estadioan, larriena, duen pertsona batentzat. Espetxeak, gainera, kontu handia ezartzen du Ibon gainontzeko kideengatik isolatuta mantentzeko, bere oinazea areagotuz". Elkarteak gaineratu du "kartzelatzeak sekula bermatuko ez dion tratamendua, arreta eta mediku zaintza" ukatzen diotela: "Osasun eskubiderako sarbidea ukatzen diote".
Manifestazioarekin bat egiteaz gain, herritarrei eskatu diete joan daitezen martxara: "Oinarrizko eskubideen urratzeak erantzun bezala isiltasuna izan ez dezan, krudeltasunari bermea ez eskaintzeko, denon ardurak hitzordua du larunbateko 17:00etan, Donostian".
EH Bilduren babesa
Martxa babestu du EH Bilduk ere, hara joateko dei eginez. Koalizio subiranistaren ordezkaritza bat izango da mobilizazioan: Arnaldo Otegi, Pello Urizar, Rebeka Ubera, Maddalen Iriarte eta Marian Beitialarrangoitia joango dira. EH Bilduren ustez, gaixo dauden presoak espetxean mantentzeak" ez dauka zerikusirik legediarekin. Kontrakoa, erabaki politiko bat da espetxealdia luzatzea, espetxe politika xantaia eta mendeku estrategia baten parte delako".
Hala, "herritar ororen giza eskubideen errespetuaren irizpidean oinarrituta", Aralarrek ezinbestekotzat jotzen du gaixorik dauden presoen etxeratzea eta beharrezkoa duten tratamendu medikua izatea: "Bere burua demokratikotzat daukan estatu batek oinarri-oinarrizkoa den eskubidea urratzeak agerian uzten du estatu horren eta bere agintari politikoen izaera ankerra eta bidegabea. Ez dago beste modu batera azaltzerik beraien legedia eta nazioarteko araubidea ez errespetatzea. Mendekua eta gorrotoa baino ezin da egon gaixorik dauden presoek pairatu behar duten egoeraren oinarrian".
Gaixorik dauden presoak berehala etxeratzeko eskatu dio Aralarrek Espainiako estatuari: "Hau da, bere legedi propioa eta nazioarteko araubideak behingoz errespetatzeko exijitzen dio. Horrez gain, euskal gizartearen gehiengo zabalak sarritan aldarrikatu duen bakean eta elkarbizitzak aurrera urratsak emateko eskatzen dio, daukan jarrera oztopatzailea bazterrean uzteko. Hau da, era honetako gatazken konponbidean jarraitutako bideari ekiteko eskatzen dio".