Sarek zein Etxerat-ek urruntze politikan amaitzeko eskatu dute, atzo Espainiako Gobernuak espetxeen inguruan iragarritako neurriek ez baitiete ia eragiten euskal presoei.
Sarek ontzat jo zuen atzo Espainiako Gobernuak iragarritakoa: presoak kartzeletan aurrez aurreko bisitak edukitzen hasi ahalko zirela, alegia. Baina zuhurtziaz ere hartu zuen, eta ez zen gutxiagorako. Izan ere, Espainiako Aldizkari Ofizialean neurria xehe eman dutenean, adierazten da alarma egoera bere horretan dagoenez ezin dela herrialde batetik besterako desplazamendurik egin. Horrenbestez, euskal preso gehienak etxetik urrunduta daudenez, martxoaren 14ko egoera berean geratzen da kolektiboa.
Alarma egoerak zirkulazio askerako debekua ezartzen du, eta, Sarek dioenez, nahiz eta euskal preso gehienak 1. fasean dauden probintzietan egon, Araba, Bizkai, Gipuzkoa edo Nafarroako herritarrei herrialde horietatik ateratzea eragozten die zirkulazio mugatuak. Zigor bikoitza salatu du: «Batetik, jadanik duten urruntze egoeragatik, eta, bestetik, 1. fasean dauden probintzietako espetxeetan egonda ere ezin izango dutelako bisitarik jaso, alarma egoera indarrean dagoenez, beren senitartekoak ezin direlako bisita egitera joan».
Sarek irtenbide bat proposatu du. berrehun preso inguru daude egoera horretan, eta erabaki horrekin urratu egiten da beste presoekiko berdintasun printzipioa. Horregatik, eskatu du baimentzeko lurralde arteko desplazamendua egoera hauetan, ez delako desplazamendu masiborik izango: «Alde horretatik nahikoa litzateke atzo aurkeztu zuten jarraibidea aldatzea, bertan espresuki adierazten baita bisitariak zein lurraldetatik gertura daitezken bisitetara. Ulertzen dugu trafikoko poliziarentzako adierazpen bereziekin, jakinaren gainean egon eta mugimendu horiek ahalbidetzeko, nahikoa litzatekeela, alarma egoerak martxoaren 14an ezarri zuen Errege Dekretuaren 7. artikuluan adierazitako antzeko arrazoiak baitira kasu honetan presoen senideek mugimendu horiek egiteko dituztenak», dio oharrak.
Espetxe Zuzendaritzako Idazkaritza Nagusiari helarazi dio oharra, eskatuz aintzat har dezala eta berriz ere eskatuz urruntze politika amai dezatela, presoen zein senide eta lagunen aurkako zigor erantsia baita.
Etxerat-ek ere ildo beretik egin du. Orotara, 235 euskal presoetatik hiru besterik ez daude Euskal Herriko espetxeetan, eta Espainiako espetxetan dauden 195 presoak senide eta gertuko ingurutik 400 eta 1.100 kilometro arteko distantziara urrunduta daude.
Frantziari dagokionez, astean ordubeteko bisita bakarra jasotzeko aukera izango dute, betiere espetxetik 100 kilometrora baino gutxiagoko distantziatik bidaiatuko duen kide bakarrarekin.
«Alegia, ez da aurrerapausorik euskal preso politiko eta beren senideentzako», eta horregatik berretsi du euskal presoak gerturatzeko premia: «Ezin dugu gehiago itxaron».