Euskal presoak

Sarek harreman sare bat osatu nahi du Euskal Herriko udaletan eta Espainiako Estatuan

Dagoeneko Euskal Herriko 46 udalerrik egin dute euskal presoen salbuespenezko egoera gaitzesteko adierazpen instituzionala. Datozen hilabeteetan Espainiako eta Kataluniako eragile politikoekin harremana sendotu nahi du Sarek, euskal presoen auzia "demokrata guztiei" dagokiela iritzita.

Sareko kideak gaur goizeko agerraldian. MAIALEN ANDRES, FOKU
Maider Galardi
2018ko azaroaren 14a
20:24
Entzun

Sare euskal presoen giza eskubideen aldeko plataformak arlo instituzionalean abian dituen bi egitasmoren berri eman du gaur goizean, Donostian. Helburua da euskal presoen salbuespenezko egoeraren berri ematea eta hainbat eragileren arteko adierazpen instituzionalak lotzea. Horretarako, Joseba Azkarraga eta Bego Atxa bozeramaileek azaldu dutenez, hilabeteak daramate alderdi politikoekin biltzen: "Gehiengo politikoaren babesa eskuratu nahi dugu".

Orain arte Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan lortu dute adierazpenak adostea euskal presoen urrunketa amai dadila eta larri gaixo dauden presoak aske utzi ditzatela eskatzeko . "EAJ, EH Bildu, PSE-PSN eta Elkarrekin-Podemosen aldeko botoekin gehiengo politikoaren babesa eskuratu dugu", azaldu du Atxak. Adierazpen horiek berak onartu dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako diputazioetan ere, eta, orain, udalerrietan halako akordioak lotzeari heldu diote. "Dagoeneko 46 udalerritan onartu dituzte mozioak. Gainera, udalak dira herritarrengandik gertuen dauden erakundeak", nabarmendu du Azkarragak.

Ez hori bakarrik. Espainiako eta Kataluniako zenbait eragile eta ordezkari politikorekin ere batzartu dira dagoeneko, eta asmoa dute bide hori urratzen segitzeko: "Jakina da Kataluniako presidente Quim Torrarekin bildu ginela, baina ezein ohiartzun baino garrantzitsuagoa da guretzat konfiantzazko harremanak sustatzea", azaldu du Azkarragak. Horregatik, egingo dituzten zenbait bileraren berri ez ematea ebatzi du plataformak. Edonola ere, Atxak azpimarratu du helburua dela euskal gizarteaz harago euskal presoen egoeraren berri Espainiako Estatuan ere ematea: "Demokrata guztiei dagokien auzia bat da".

Hiru dira, beraz, Sarek mahai gainean dituen eginbeharrak: "Artikulazio lana egiten jarraituko dugu, jendarte zibilaren artikulazioaz gain agente politikoen konpromisoa bultzatuz. Horretarako, udalen konpromisoa bilatuko dugu, eta giza eskubideen urraketa guztion arazoa dela azalduko dugu Espainiako estatuko instituzioetan ere".

Zigor metaketez

Atxak eta Azkarragak balorazioa egin dute gaur goizean EAJko Mikel Legarda Espainiako Kongresuko diputatuak Pedro Sanchez Espainiako presidenteari kontrol saioan egin dion galderaren inguruan. Legardak Sanchezi galdetu dio ea zer iruditzen zaion Estrasburgoko Auzitegiak euska presoen zigor metaketaren inguruan emandako epaiaren inguruan. Sanchezek erantzun du onartu egiten duela auzitegiaren epaia, eta baztertu egin du 7/2014 legea erreformatzea. Azkarragak esan du Sanchez presidente egin zenetik ez duela aurrerapauso nabarmenik ikusi, eta gaurko erantzuna "atzerapausoa" dela. Gainera, auzian inplikatutako presoen abokatuek helegitea jartzeko aukera ikusi dutela ere aurreratu dute, nahiz eta oraingoz ez duten zehaztu zein epaitegitara joko duten.

"Mobilizazio soziala" ere ezinbestekoa dela azpimarratu du Atxak, eta, horregatik, ohar egin dute datorren astean emango dituztela urtarrilaren 12rako deitutako manifestazioaren berri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.