Euskal presoen seme-alabek gurasoen ondoan hezteko eskubidea aldarrikatzen ari da azkenaldian Sare, eta egoerari buruzuko dosierra kaleratuko du azaroaren 20an. Elkartearen datuen arabera, 113 haur motxiladun daude orotara. Aita, ama edo biak kartzelan dituzten ume eta nerabeak dira. Motxiladun deitzen zaie, preso duten gurasoaren hutsunearekin aurre egin behar izaten diotelako egunerokoari. Hiru urte bete arte amarekin bizi dira kartzela barruan, baina hiru urte betetzean banandu egiten dituzte amarengandik. 24 orduz amarekin egotetik hilean aurrez aurreko batera pasatzen dira, errepidean kilometro andana eginda, gainera.
Haitz izeneko haurra da azken ume motxiladuna. Aitziber Coello eta Asier Aginako euskal presoen semea da, eta urriaren 19an jaio zen, Sarek jakinarazi duenez. Jaiotzetik, baina, zama du bizkarrean, urratu egin baitizkiote hainbat eskubide. Ezin du bi gurasoekin egon, aitarekin behar bezalako harremana izatea galarazi baitiote. Amarekin bizi da Haitz, Picassenteko espetxean (Valentzia, Herrialde Katalanak). Aita, baina, hogei minutuz besterik ez du ezagutu; Alacanten (Herrialde Katalanak) preso baitago. Hori gutxi balitz bezala, Euskal Herrian egon behar lukete hirurek, Sarek adierazi duenez. Zigorraren hiru laurdenak beteak dituzte Coellok eta Aginakok.
Haitzez gain, aita preso duten beste bi haur jaio dira azken hilabetean.