Teresa Toda Sareko bozeramaileak, Infozazpi irratian eginiko adierazpenetan, esan du EAJk mobilizazioan parte ez hartzeko erabakiak "ezinegona" sortzen duela, eta alderdiko buruzagiei egotzi die presoen milaka senideez "ahaztea"; Sarek nabarmendu du senideak direla, hain zuzen, "sakabanaketaren zama zuzenena eta mingarriena" daramatena.
Nolanahi ere, EAJko militanteek ere urtarrilaren 10eko protestan izango direla ziurtatu du Todak: "Uste dut uneotan indarrak batu eta lankidetzan aritu behar dela". Horren harira, gogorarazi du Sareren helburua "indarrak batzea eta eskubide urraketa egoera baten aurrean erantzutea" dela.
Bestalde, presoek zigorra betetzean Frantziako espetxealdia aintzat hartu behar zaien erabakiko du urtarrilaren 13an Espainiako Auzitegi Gorenak. Horren inguruan, Agus Gorbea Sareko kideak uste du Espainiako Gobernua presio egiten ari zaiela epaileei, eta "legea bihurritzea" egotzi dio Madrili.