Sarek nazio mailako manifestazioa antolatu du irailaren 24rako, Donostian. Espainiako eta Frantziako espetxeetan gaixorik dauden euskal presoak aske uzteko eskatuko dute. Donostiako Bulebarretik abiatuko da, 17:00etan.
Gasteizen eman dute mobilizazio horren berri, hangoa den Jose Ramon Lopez de Abetxuko presoaren eskubideen alde eginiko manifestazioaren ondoren. Lopez de Abetxukoren osasun egoera "larria" dela azpimarratu du Sarek, eta salatu du jarri zioten zigorra baino luzeagoa ari dela betetzen, "Espainiako Estatuak ez diolako zigorren zenbaketa aintzat hartzen".
Sarek gogoratu du hamar pertsonak jarraitzen dutela preso gaixotasun larriak eta sendaezinak dituzten arren. Espainiako Gorteetan Hego Euskal Herritik diputatu aukeratu dituztenei mintzatu zaie plataforma, eta presio egiteko eskatu die, Espainiako Gobernuak "mendekuan oinarritutako" eta "legez kanpoko" espetxe politika alda dezan. Euskal herritarrei ere mintzatu zaie Sare: "Jendartearen aktibazioa ezinbestekoa da horrenbeste sufrimenduri amaiera emateko; norbanako bakoitzaren aktibazioa ezinbestekoa da konponbide prozesuan pausoak eman ahal izateko, eta guri dagokigu presio sozial hori eragitea".