preso gaixoak

Sarek manifestaziora deitu du hilaren 12rako, gaixo dauden presoak libre uzteko eskatzeko

Gasteizen egingo dute, 19:00etan, Leizaola plazatik irtenda.

Manifestazioa iragartzeko Sarek egindako agerraldia. RAUL BOGAJO, ARGAZKI PRESS
2014ko uztailaren 4a
15:53
Entzun

Gaixo dauden presoak eta zigorraren hiru laurdenak edo bi herenak beteak dituztenak aske uzteko eskatuko du Sarek, euskal presoen eskubideak defendatzeko sortutako taldeak.

Gasteizen egindako agerraldian, Jose Ramon Lopez de Abetxukoren egoera aipatu dute bereziki. 64 urte ditu, eta 24 urte egin ditu espetxean. Villabonako kartzelan (Asturias, Espainia) dago egun. Kartzelan daraman denbora gehiena gaixo eman du: bihotzeko gaitza dauka, hainbat ebakuntza egin dizkiote, eta gaixotasun degeneratiboak ditu. 

"Espetxea, bai egituragatik eta baita bere arautegiagatik ere, bere barnean dauden pertsonak mugatzen eta baldintzatzen duen eremu bat dugu. Beraz, bertan bizitzera behartuak egoteaz gain gaitzen bat pairatzen dutenek era berezi batez bizitzen dituzte traba eta muga hauek", adierazi dute Arantza Armentiak eta Elena Gerenabarrenak.

Sakabanaketa ere salatu dute. Haien arabera, Gasteizko presoetatik bakar bat ere ez dago Euskal Herrian. "Eta jakin badakigu sakabanaketak sufrimendua larriagotzen duela gaixo dagoen presoarengan, distantziak eta komunikaziorako aukera urriek gaixotasuna eta beldurrak gertukoenekin konpartitzea eragozten baitute, baita adore mezuak jasotzeko abagunea ere".

Joan den hilean, sinadura bilketa hasi zuten Lopez de Abetxuko askatzearen alde, eta hilaren 18an mozio bat eztabaidatuko dute Gasteizko Udalean.

Ekainaren 15ean herritar sarea aurkeztu zutenetik, hainbat jarduera antolatu dituzte. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.