Jonan Fernandez Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetzarako idazkari nagusiak "presoen gizarteratzea eta integrazioa" arautzeko dekretu proiektu bat egingo dutela iragarri eta biharamunean, Sare plataformak jakinarazi du berari ez diotela deitu plana adosteko. Horrez gain, adierazi du euskal presoen eskubideak errespetatzea "oinarrizkoa" dela "gatazkaren konponbiderako", eta ezin dela onartu "inongo xantaiarik". Jaurlaritzari ohartarazi dio "bizikidetza" jorratu nahi badu Espainiako Estatuko legedia "salatu" beharko duela lehenik.
Komunikabideetara bidalitako ohar batean, plataformak nabarmendu du beti egon izan direla elkarlanerako prest, baina beren presentzia "oztopatu" egin dutela "beste behin". Hala, "presoen kolektiboak hamaika aldiz esandakoari muzin egin" eta banakako urratsak lehenetsi dituztela adierazi du Sarek. "Ezin gara isilik egon. Ez dugu nahi gure isiltasuna nahastea konponbide prozesuari laguntza gutxi ematen dieten jarrerekin".
"Kezkatuta" ere agertu da plataforma Bake eta BIzikidetzarako idazkariaren jarrerarekin, eta gogorarazi dio Europako legediaren kontrakoak direla Espainiako Gobernuaren espetxe politikak. Aldi berean, orotarazi du euskal preso ugarik eginak dituztela eskatutako urratsak eta hala ere Espainiako Gobernuak haien eskubideak urratzen jarraitzen duela. Hala, "presoek salbuespenezko legediaren menpe jarraitzen dute".
Manifestazioa
Hain zuzen ere, bihar, manifestazioa egingo dute Iruñean, sakabanaketa amaitu dadila eskatzeko. Sarek eta Etxeratek deitu duten martxa hori eguerdian abiatuko da, autobus geltoki zaharretik. "Ez soilik sakabanaketa amaitzeko, baizik egin nahi dugun bidea etengabe oztopatzen duen politika ere amaitzeko. Itxaropena gorrotoaren gainetik jartzeko, eta elkarbizitza, mendekuaren gainetik". Horretarako deitu dute manifestaziora.