EUSKAL PRESOAK

Sarek txalotu egin du biktimen taldeek PPri emandako erantzuna

Espainiako Gobernuari espetxe politika aldatzeko hartu zuen konpromisoa betetzeko eskatu dio Joseba Azkarraga bozeramaileak.

Joseba Azkarraga Sareko bozeramailea, gaur, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO /FOKU
2018ko abuztuaren 10a
08:16
Entzun

Sare euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko taldeak balorazio "baikorra" egin du Olga Sanz eta Xabier Moreno euskal presoen gerturatzea dela eta. Joseba Azkarraga bozeramaileak legea betetzeko "baldintzarik" ez dela bete behar azaldu du. PPk egindako kritiken aurrean biktimen taldeek emandako "erantzuna" azpimarratu du, eta gogorarazi Alderdi Popularra Espainiako Gobernuan Jose Maria Aznarren gidaritzapean zegoenean (1996-2004), hainbat euskal preso hurbildu zituztela. Espainiako Gobernuari PPren soka askatzeko esan dio, eta esandakoa betetzeko.

Gerturaketa dela eta sortutako "kontraesanak" kritikatu ditu, eta duela gutxi Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroak esandakoak gogora ekarri: "Hurbilketa ez da espetxe onura, legea betetzea da". Azkarragak Pedro Sanchezi eskatu dio espetxe politika aldatzeko hartu zuen "konpromisoa" betetzeko. Espainiako presidenteari esan dio "nahikoa dela" presoen gerturatzeak egingo dituela esan eta ondoren ez egiterarekin, "orain" egin behar dituela espetxe politikako aldaketak. Azaldu du ados dagoela euskal presoen gerturatzeen berri biktimen taldeei ematearekin, baina ohartarazi du espetxe politika ezin dutela biktimen taldeek "diktatu" behar, ezta PPk ere.

Euskal gizarteari parte hartze aktiboa eskatu dio Azkarragak, eta urriaren 20an Bilbon egingo den mobilizaziorako dei egin du.

Biktimen iritzia

Hitz egin duen azken biktima Maria Jauregi, ETAk hildako Juan Mari Jauregiren alaba izan da. Maria Jauregik Alderdi Popularrari eskatu dio biktimekin "demagogiarik ez egiteko" eta "biktima guztien izenean" hitz egiteari uzteko. PPk biktimak interes elektoralerako erabiltzen dituela salatu du Jauregik eta gaineratu du hurbiltzeak ez direla "espetxe onurak".

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.