Juan Pablo Gonzalez Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak txosten bat egiteko eskatu dio fiskaltzari, Sare plataformak Donostiako Zinemaldiaren testuinguruan egingo duen giza katea "terrorismoa goratzeko delitu" izan daitekeen argitzeko. Kursaal jauregia eta Sagues batuko ditu kateak.
APAVT Terrorismoaren Biktimen Babeserako Plataformak eskatu zuen hilaren 26ko mobilizazio hori debekatzeko eta Sareren atzean Herrira dagoen ikertzeko. Epailearen arabera, ekitaldiak "balizko arau-hauste bat gertatzeko ezaugarriak" ditu.
Hilaren 5ean aurkeztu zuen giza katea Sarek: "Sufrimendua aldamenean dugu, familia askok jasaten dute; baina, maiz, ez dugu ikusten. Pelikula honetako protagonistak urrun daude, espetxeetan sakabanatuta, eta, askotan, ez dira errespetatzen haiek aske uztea ahalbidetuko luketen legeak, politika giza eskubideen aurretik jarriz".
Sarek argitu du presoen eskubideen urraketen aurkako ekimenak debekatzeko ahaleginak egon direla lehenago ere, baina epaileek atzera bota dituztela. Era berean, adierazi du Sareren aldarrikapenak "zilegiak" direla, "demokratikoak eta modu baketsuan" zabalduko dituela, "inor mintzeko intentziorik gabe", hilaren 26ko giza katean.