Eusko legebiltzarkideen aurkako auzia

SAren inguruko auzia "argitzen" denean, talde parlamentario horrek dagozkion diruak jasoko dituela esan du Atutxak

Juan Maria Atutxa Eusko Legebiltzarreko presidenteak argi dauka SA Sozialista Abertzaleak taldea desegiteari uko egin ziotela-eta EAEko Auzitegi Nagusia aztertzen ari den beren kontrako kereila artxibatu egingo dutela azkenean. Ildo horretatik, auzia "argitzen" denean SAk dagozkion diruak jasoko dituela esan du, baita atzeratutakoak ere.

2004ko ekainaren 15a
16:59
Entzun
Espainiako Auzitegi Gorenaren ebazpenei aurre eginez, SA Sozialista Abertzaleak taldea ez desegitea erabaki zuen Eusko Legebiltzarreko Mahaiak, hain justu, Legebiltzarreko araudiak ez duela horrelako neurririk aurreikusten argudiatuta. Hori dela eta, Legebiltzarreko mahaikide Juan Mari Atutxaren (EAJ), Gorka Knörren (EA) eta Kontxi Bilbaoren (EB-IU) aurkako kereila aztertzen ari da EAEko Auzitegi Nagusia, hirurei desobedientzia delitua egotzita. Halaber, auzia zabaldu eta Bozeramaileen Batzordeko Joseba Egibar (EAJ) eta Antton Morcillo SAko legebiltzarkide ohia ere auzipetu ditu Auzitegi Nagusiak, desobedientzia delitua aurrera eramateko haien laguntza beharrezkoa izan zela arrazoituta.

Dena den, lehengo astean jakin zen badagoela Jesus Cardenal Espainiako fiskal nagusi ohiak egindako txosten bat Atutxak, Knörrek eta Bilbaok ez dutela deliturik egin esaten duena. Ildo horretatik, Atutxak garbi dauka, azkenean, beren kontrako kereila artxibatzea erabakiko duela EAEko Auzitegi Nagusiak eta, ondorioz, ez dutela zigorrik jasoko eta SAri Legebiltzarrean normal jarduteko eskubidea onartuko zaiola.

Nolanahi ere, SAk ez du bere jardunagatik dagokion dirurik jasotzen agindu judizial bat tarteko. Hori dela eta, "auzia argitzen denean" SAk dagokion dirua jasoko duela adierazi du Atutxak, "baita atzeratutakoak ere".

Radio Euskadin egin ditu adierazpen horiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.