Sarkozyk langileen gain ezarri du erosahalmena, sindikatuen ustez

Patronalak ontzat jo du 35 oreneko lan astea dudan ezartzea, langileek lan gehiago egin dezaten

ENEKO BIDEGAIN
2007ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Gehiago erosi nahi duenak gehiago lan egin beharko du. Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak ez du beste aterabide handirik proposatu. Frantziaren diru kutxak hutsak direla aitortu zuen herenegun arratsean, telebistan. Erosahalmenaren apaltzeak eragiten duen kezkari erantzun bat emanen ziola iragarri zuen. Horretara joan zen telebistara, herenegun. Urtarrilaren 1etik goiti indarrean izanen diren hainbat neurri aipatu zituen. Langileek berek egin behar izanen dute indarra, sindikatuek azpimarratu dutenez. Sarkozyren proposamen nagusia lan gehiago egitea da, gehiago irabazteko. Betiko ildotik. 35 oreneko lan astearen aurka, berriz ere.

«RTTak diru bihurtzeko aukera» aipatu du Sarkozyk. RTT 35 oreneko lan astearekin agertu eta hedatu zen kontzeptu berria da. Lan denboraren berreskuratzea adierazten du. Oren horiek, maiz, metatzen dira, eta horrela laneko egun batzuetatik libra daiteke. Oren horietan lan egin eta, trukean, diru gehiago irabaztea da Sarkozyk herenegun proposatu zuena. Oren horiek %25 gehiago ordainduko lirateke. Horretarako, enpresek eta langileek negoziatu beharko dute eta ados jarri.

Ez da argi, ordea, herenegun proposatu neurriak zer duen desberdinik, urriaren 1etik indarrean dagoenarekin. Urriaren 1etik hona langileek ordu gehiago sar dezakete lanean, diru gehiago irabazi ahal izateko. CFDT sindikatuak dio herenegungo neurriak ez duela deus berririk. Ekonomialari batzuen ustez, neurri horrek ez du eragin handirik ukanen langileen erosahalmenean.

Gisa batez, beste eraso zuzen bat egin zuen 35 oreneko lan astearen aurka. Nahiz eta erran ez duela lege hori kenduko, gehiago irabazteko bidea ez da 35 orenez lan egitea izanen, baizik eta oren gehiago egitea. Gisa horretan, erosahalmenaren murriztearen erantzule ezarri ditu 35 orenak, CGT sindikatuaren arabera. «Horrela, bere ardurei ihes egiten die».

Langile anitzen lan astea ez dela 35 orenetara ere heltzen ohartarazi du CGTk. Denbora mugatuan ari diren langile haiek ez dute, beraz, konpentsazio orenik. Ez dute diru gehiago irabazteko aukerarik ukanen. Ekonomisten arabera, lan egoera hoberenean direnek baizik ez dute horretarako aukerarik ukanen.

Denbora osoz ari ez direnek egiten dituzten ordu estrak ez dira 35 orenez ari direnenak bezala, kargu sozialetatik libre. Maiz, enpresarentzat, garestiago dira horiei ematen zaizkien ordu estrak, denbora osoz ari direnei ematen zaizkienak baino. Beste enpresa askok ez dute horrelako bideetan sartu nahi, ordu estren araudiak ez direlakoan argi.

Sarkozyren neurriek patronala poztu dute. Medef erakundea pozik agertu da «35 orenak zalantzan ezarriak izan direlako». Sarkozyren «errealismo ekonomikoa» txalotu du. Enpresa txikietako nagusien CGPME erakundeak uste du «erosahalmena lagunduko» dutela neurri horiek.



SOLDATA IGOERARIK EZ. Langileek «beren sakelatik» hartu beharko dutela dirua dio CGTk. Sarkozyk proposaturiko neurri bat soldata aurrezkia erabili ahal izatea. Ontsalaz, aurrezki hori ezin da hautsi bost urteko epea baino lehen. Sarkozyk hori posible izatea nahi du. «Horrek erran nahi du langileek beren ekonomietatik hartu behar dutela dirua, eta hori ekonomiak dituztenek bakarrik egin dezakete», zehaztu du CGT sindikatuak.

Neurri horrekin ere langile xumeenak direla baztertuenak ohartarazi dute sindikatuek. Soldaten igoerarik ez iragarri izana kritikatu dute. «Langile xumeenentzako enplegurako saririk» ez aipatu izana kritikatu du UNSA sindikatuak. Gauza bera, gutxiengo errenta sozialentzat edota soldatentzat. Funtzionarioen soldata igoerarik ez dela aipu kritikatu du UNSAk. Alta, funtzionarioek azaroaren 20an egin zuten grebaren aldarrikapen nagusia erosahalmenaren igotzea zen, soldata igoeraren bitartez. «Soldatak igo ahal izateko, enpresetan bilatu beharko da, mobilizazioaren bidez», gehitu du CGTk.

«Indarrak galdetzen dizkie jadanik zailtasunean direnei, hala nola langileei», salatu du CGTk. «Inolako indarrik ez zaie eskatzen akziodunei. Alta, akzioen balioa soldatak baino anitzez lasterrago igotzen da».



Konferentzia soziala hasiko da abendu erdialdean

Nicolas Sarkozyk iragarri zuen konferentzia soziala hasiko dutela abendu erdialdean, 2008an eginen dituzten «erreforma handien agendaz» eztabaidatzeko. Konferentzia horretako solasgai nagusia erosahalmena hobetzeari buruzkoa da. Horrez gain, gizonen eta emazteen arteko soldaten berdintasunaz ere mintzatuko dira.

Sarkozyk garrantzia eman nahi dio partaide sozial guztiekin solastatzeari. Erretreten erregimen bereziari buruz sindikatuek ukan zuten jarreraz pozik agertu zen, hala nola elkarrizketaren hautua egin zutela pozgarritzat jo zuen. «Partaide sozial guztiak omendu nahi ditut. Ez ginen gauza guztietan ados, baina gauza batetan bai: elkarrizketa beharrezkoa dela».

Sindikatuek eta patronalak, beren aldetik, elkarrizketa prozesu horretan «bakoitzak bere autonomia» behar duela azpimarratu dute. 2007ko uztailean hasi zituzten negoziazioak, lan merkatuari begira. Besteak beste, ibilbide profesionala segurtatzea, lan kontratua eta langabezia asegurua dira elkarrizketa horien ardatzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.