Samuel Vuelta Simonek Baionako prokuradoreak akusaziopean jarria zuen Jean-François Sarramagnan apaiza, 2016ko apiriletik. Baionako Instrukzio Epaitegiak bere gain hartu zuen auzia ekainean. Sarramagnan aske da orduz geroztik, Lourdes ondoko Tournay herriko abadian, baina kontrol judizialpean da.
Auziari eguna finkatzeak erran nahi du, batetik, gertakariak baieztatuak direla. Apezak berak aitortuak zituen. Eta, bestetik, biktimaren amak jarri salaketa ez dela epez kanpo. Izan ere, amak 2015eko irailean jarri zuen salaketa Clermont-Ferrant herrian, han bizi baita geroztik. Erasoa Baionan bizi zirela gertatu zen. Apaiza, besteak beste, Hiriburuko apaiza izana da.
Baionako prokuradoreak ez du baieztatu ea Marc Aillet gaur egungo Baionako apezpikua auzipeturik dagoen ala ez. Izan ere, Aillet berak aitortu du 2009tik gertakariez jakinean zela. Funtsean, gertakarien garaietan ere Baionako Moleres apezpikua jakinean zen. "Auziak erantzunen die segur aski zure galderei", erantzun du prokuradoreak.
2007an neska gazte batek ere salaketa bat jarri zuen, baina salaketak ez zuen jarraipenik izan. Auziak salaketa kontuan hartuko duen ala ez, horretaz ere ez du zehaztapenik eman prokuradoreak.