Iñaki Egaña
Munduari zirrara eragin zion bonbardaketa 1937ko apirilaren 26ko arratsaldean gertatu zen, Gernikan. Lau eta erdietan Santa Maria parrokiako elizako kanpaiak entzun ziren, gogotik joka. Aurreko asteetan Bizkaiko dozenaka herritan entzundako seinale berdina zen, eta mezu berbera adierazten zuen: bonbardaketa. Herritarrak, merkatu egun horretan, lasterka abiatu ziren Durangok martxoaren 31n jasandako aire eraso latzaren ondoren hala moduz eta presaka eraikitako babeslekuetara. Herriari suertatu zitzaion lehen gerra esperientzia zen, ordura arte Gernikari ez baitzioten eraso hegazkinek.
Berehalaxe agertu zen lehendabiziko Heinkel 111 hegazkina, Rudolf von Moreau pilotu zuela. Sei bonba bota zituen tren geltokiaren gainean. Hegaldi honen xedea airekoen aurkako Bizkaiko hiriko defentsak probatzea zen soil-soilik, halakorik bazuen. Baina Gernikak ez zuen hegazkin naziak atzeraraziko zituen inolako bateriarik. Une horretatik aurrera hasi zen benetako erasoa. 18:30 inguru zirela, Kondor Legioko hamazortzi bat Junkers 52 bonbaketari agertu ziren —kopuru zehatzari buruz ere ez dago adostasunik—, hirunaka, Messerschmitt Bf 109 eta italiarrek gidaturiko Fiat CR 32 ehiza hegazkinek babestuta.
Bonbardaketan parte hartu zuten pilotu alemanak Gasteiz eta Burgostik heldu ziren. Bezperan, Arabako hiriburuan, goizeko lauretan amaitu zen ospakizun batean parte hartu zuten, Fronton hotelean. Ohikoa zenez, prostituta talde bat ere eraman zuten bestara. Apirilaren 26ko eguerdi artean, bi ehiza hegazkinek Gernikaren gainetik hegaldi bat egina zuten, behaketarako, eta jopuntuen argazki ugari atera zituzten.
Goizeko hamaiketan, behar zituzten datuak zorroan zituztela, Mutxategi inguruan elkarrizketatu ziren naziak eta frankistak. Araketa hegazkinek egindako argazkiak aztertu ondoren, bonbardatzeko agindua prest geratu zen. Gasteizera itzuli zenean, Von Richthofenek bere alferez Hans Asmusi eman zion agindua, eta hark, jarraian, pilotuei helarazi zien zuzenki.
40.000 kilo lehergai
Orotara, 43 hegazkinek hartu zuten parte bonbardaketan, Karl von Knauer, Ehrhart Dellmensingen von Krafft eta Hans Henning von Beust tenienteen buruzagitzapean.
Gernikako erdigunea suntsituta geratu zen. Astra-Unceta arma lantegia eta Juntetxea bakarrik geratzen ziren osorik. Kalte nabariak egin zituzten 721 etxetan, eta haietatik %71 erabat deseginda geratu ziren. Galeren artean aipatzekoa da Karmelo Etxegarai euskaltzalearen liburutegi pribatua; munduan zegoen garrantzitsuenetakoa, garrantzitsuena ez bazen, euskal gaiei buruz.
Bonbardaketa amaitu ondoren, pilotu alemanak Gasteizko Fronton hotelera bildu ziren. Nork bere txostena idatzi ondoren, prostituzio etxera joan ziren; gau horretan ohi baino jende gehiago egon zen han.
40.000 kilo lehergai erabili zituzten hegazkin alemanek. Haietatik %75 su emaileak izan ziren. Biktimak zenbatzea oso zaila gertatu zen, gudaroste faxista handik egun gutxitara sartu baitzen hirian eta, bonbardaketak eragingo zuen eztabaidaren bizitasuna ikusirik, agintari berriek ahaleginak egin zituztelako gertaerari zegokion guztia isilbideratzen. Milaka izan ziren, hala ere, Jaurlaritzaren ustez.
Francoren armadak apirilaren 26 horretan argitara emandako parte ofizialean ez zuen aipatu ere egin Gernikakorik, eta behin eta berriz errepikatzen zen esamoldeari eutsi zion: "Bizkaiko frontea: gure gudarostea aurrera doa, garaile". Aurreko egunen aldean eman zen berri bakarra adierazpen faltsu bat izan zen, eta Eusko Jaurlaritzak ez zuen ezeztatu ere egin: "Atxilotuen kopurua txit ugaria da, eta haien artean, buruzagietako bat dago, Lasarte diputatu nazionalista. Borroka lekutik ihes egin nahian harrapatu dugu, automobil arin batean arma eta munizioekin zihoala". Jose Mari Lasarte, Euzko Gudarozteko EAJren komisarioa, bitartean, Bilbon zegoen, Euzko Gudaroztearen egoitzan.
Errekete, Falange edo armadan zeuden nafar taldeetako batek ere ez zuen kiderik galdu Gernika hartzerakoan. Karlistentzat, foru hiriburua okupatzea sinbolismoz beteriko ekintza izan zen. Bizkaiko hirian sartu bezain laster, karlista nafarrak Juntetxera joan ziren, eta han, arbola sainduaren azpian, foruak betetzea zin egin zuten, eta Karlos VII.a erregegaia Bizkaiko jaun aldarrikatu zuten. Ekitaldia amaitzeko, Gernikako arbola abestu zuten. Errekete konpainia bat geratu zen Juntetxea eta inguruneak zaintzen, gudaroste erregularretakoek edo falangistek ez zitzaten euskal foruen sinboloak apurtu.
Lekukoak
G.L. Steer kazetari hegoafrikarrak idatzi zuen bonbardaketari buruz: "Gernikaren suntsiketa, lekuko izatea suertatu zitzaienentzat, ez zen espektakulu hitsa bakarrik izan; Ananias hankaz aurrera labe gorian sartu zutenez geroztik kristauen belarriek entzun duten gezurrik handiena eta absurdoenaren abiapuntua izan zen".
Bonbardaketaren lekuko izan zen Alberto Onaindia apaiza, eta honela kontatzen zuen, erasoa gertatu eta gutxira: «"onben eztandek, berehala hasi ziren suteek eta metrailaketan ziharduten aparatuen jazarpenak behartuta, zuhaitzen pean, etxeen arkupeetan edota landan, hegazkinen bat hurbiltzen ikusten genuenean lurrera jausiz, babestu behar izan genuen. Kaleetan, merkatura ekarritako abereak, astoak, zerriak eta oiloak zebiltzan solte. Anabasa haren erdian, deiadarka, errezoka edota erasotzaileen aurka keinuka ihesi zihoazenak ikusten genituen".