Gernikako bonbardaketaren 67. urteurrena

Sarraskia Francok agindu zuela onartzeko eskatu dio Gernikako alkateak Espainiako Gobernuari

Gaur 67 urte Alemaniako Kondor Legioak Gernika bonbardatu zuen Francisco Franco diktadorearen aginduz. Sarraskia itzelekoa izan zen, eta, oraindik gernikar askoren oroimenean bizi-bizirik dirau. Migel Angel Loinaz Gernikako alkatearen iduriko, are eta gehiago Espainiako Gobernuak oraindik ez duelako onartu Francok sarraski hartan izan zuen ardura. Hain zuzen ere, horixe eskatu dio Madrilgo Gobernuari: onar dezala erantzunkizuna. Gainerakoan, ekitaldi asko egingo dira egunotan Gernikan urteurrenaren kariaz.

2004ko apirilaren 26a
17:06
Entzun
"Alemaniak orain zazpi urte onartu zuen Kondor Legioa izan zela Gernika bonbardatu zuena. Noski, hura egin zuen Francoren aginduz. Beraz, Alemaniako Gobernuak onartu zuen, eta guk nahi duguna da espainiarrek ere, Espainiako Gobernuak ere, onartzea. Izan ere, 67 urte pasa dira, eta sasoia da gauzak onartzeko", adierazi du Migel Angel Loinaz Gernikako alkateak Euskadi Irratian.

Osterantzean, hainbat ekitaldi izango dira gaur zein datozen egunetan Gernikako bonbardaketaren 67. urteurrena dela-eta. Esate baterako, 15:45etan eta 19:30etan bonbardaketak jazo zireneko uneak oroituko dituzte sirena hotsen bidez.

Arratsaldeko 16:30etan sarraskian hildakoen aldeko otoitza eta lore eskaintza egingo dira hilerrian.

Gernika Gogoratuz elkarteak, berriz, Kultura eta Bakearen XIV. Nazioarteko Jardunaldiak antolatu ditu, eta hitzaldi zein mahainguru sorta egiten ari dira, bakegintzako Euskal Herriko zein nazioarteko adituekin. Gaur, zehazki, bakearen aldeko lan egiten duten Gernikako elkarteen eta erakundeen topaketa egingo dute, eta kultur-artekotasuna jorratuko dute arratsaldeko 17:00etatik aurrera Elai-Alai antzokian.

Gernika Batzordeak eta Arrano Kultur Elkarteak, berriz, Euskal Herria salbuespen egoeran izeneko mahaingurua antolatu dute, eta, besteak beste, Martxelo Otamendi Berria -ko zuzendaria eta Alizia Stürtze historialaria izango dira hizlari. Iluntzeko 21:30etan manifestazioa egingo dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.