Sarrikotapean lurperatuko dituzte Zuberoa eta Nafarroa Behereko azken hondakinak

Bil ta Garbik sailkatze planta bat eginen du Baionan, baina bertze zabortegirako ez du lekurik atzeman Lapurdin

Aitor Renteria.
2006ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Osoki ez bada ere, Bil ta Garbik ondoko urteotan baliatuko dituen azpiegituren kokapenak jakinarazi zituen atzo. Sarrikotapean (Zuberoa) sailkatze planta bat eta lurperatze eremua eginen ditu Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Biarnoko (Frantzia) hiru herri elkargoko hondakinak tratatzeko. Baionan beste sailkatze planta bat eginen du. Lapurdiko azken hondakinak lurperatzeko, ordea, zailtasun handiagoak izan ditu. Hondakinen zati bat Bizi Garbia sindikatuak kudeatzen duen Zaluagan (Senpere) lurperatuko dute. Lapurdi barnealdean bertze lurperatze eremu bat atzematea da Bil ta Garbik konpontzeke duen erronka.

Sarrikotapean zazpi hektarea eta erdiko eremua hautatu dute. Han eraikiko dira barnealderako bi egiturak, sailkatze planta eta lurperatze eremua. «Baliatuko ditugun teknikei esker, espero dugu hondakinen %40 edo %50 balorizatzea, bertzea lurperatuko dutelarik», erran zuen Alain Iriart Bil ta Garbiko presidenteak.

Ipar Baionako Batz eremua hautatu dute hiri elkargoko hondakinak sailkatzeko. Zazpi hektareako eremua da, RN117 eta A-63 autobidetik hurbil. Sailkatze plantan urtero 70.000 tona hondakin hartuko dituzte. Azken hondakinen erdiak Senpereko Zaluaga eremuan lurperatuko dituzte. Bertze erdiak oraindik zehazteke dagoen Lapurdi barnealdeko gune batean lurperatuko dituzte. «Bihartik hasiko gara Lapurdi barnealdeko gunearen bila eta urte bukaera aitzin atzematea da gure xedea», zehaztu zuen Iriartek.

ABANTZU AHO BATEZ. Hiru azpiegituren kokaguneak ez du adostasun osoa lortu. Amikuzeko sindikatua abstenitu egin da barnealdeko azpiegituraren kokapenari buruzko bozketan. Bertze bietan, aldiz, aldeko bozka eman du. «Orain artean zerrendatu ditugun guneek ez dute azterketa gainditu eta bertze bat bilatu behar dugu», adierazi zuen Iriartek Lapurdi barnealdeko azpiegiturari aipamena eginez.

Hondakindegietako bereizketa hobetzea, hondakin berdeen balorizazioa bultzatzea konpostaren bidez eta garraioa ahal bezainbat murriztea dira Bil ta Garbik bultzatu nahi dituen xedeak. 2010eko epean 60-70 milioi euroko inbertsioak eginen ditu.

Bil ta Garbik hondakinen tratamendua bermatzeaz gain, bildutako hondakin kopuruak apaldu nahi ditu iturburutik. Bereizketa indartu nahi du eta orain artean burutu dituzten kanpainak fruituak ematen hasi dira. Jasotako hondakin kopurua %4 apaldu zen iaz, eta bereizketarena, aldiz, %12 emendatu zen. Ororen buru Bil ta Garbik bereizketaren portzentajea %25era heltzea lortu nahi du.

Ipar Euskal Herriko hondakinen parterik handiena, urtean 67.000 tona hain zuzen ere, Girondan erraustuko dira bost urtez.

PROTESTAK ETA SOSTENGUAK. Herriarteko sindikatuek hitza ukan dute hondakinen tratamendurako xedea hautatzerakoan. Errauste planta baztertzea deliberatu zuten, eta bereizketa bultzatzea eta azken hondakinak lurperatzea. Amikuzeko herri elkargoak bakarrik bozkatu zuen errauste plantaren alde. Kalapitak eta ezadostasunak ondoren sortu ziren, ordea, lurperatze eremuen kokaguneak ebazterakoan. Zabortegiak egiteko lurralde zehatza finkatu zuen Bil ta Garbik, iparraldetik Nafarroa Beherea, Zuberoa eta Lapurdi zeharkatzen dituen banana itxurako eremua. Eremu horretan buztina da nagusi, preseski Bil ta Garbik bilatzen duena.

Lurperatze eremuak egiteko 123 gune zerrendatu zituen Bil ta Garbik. Zerrenda horren berri jasotzean, hastapenean adostasuna adierazi zuten hainbat hautetsik gibelera egin zuten. Bastida, Bardoze eta Amikuzeko hautetsiek adostasun eza salatu zuten, herrian hondakindegirik ez zutela onartuko gaineratuz. Herritar taldeek eta CADEko ekologistek ere protesta elkarretaratzeak egin dituzte.

Batasunak salatu zuen Euskal Herriaren lurraldetasuna ez zela kontuan hartzen Bil ta Garbiren xedean. Berdeek sostengua adierazi zioten Iriarti eta azken hilabetean Aitor Arandia EAJko Baionako zinegotziak termolisiaren xedea hobesteko eskatu dio Bil ta Garbiri. Xedea aztertu eta baztertu zutela erantzun dio Iriartek.

Zenbakia

135.000 Bil ta Garbik 135.000 tona hondakin sailkatuko ditu urtero .

Lapurdi. Urtero 110.000 tona sailkatuko dituzte eta erdiak inguru lurperatu.

Sarrikotapea. Nafarroa Beherea, Zuberoa eta Biarnoko 25.000 tona sailkatu eta erdiak lurperatuko ditu.

«Baliatuko ditugun teknikei esker, espero dugu hondakinen %40 edo %50 balorizatzea»

«Lapurdi barnealdeko gunearen bila hasi gara eta urte bukaera aitzin atzematea da gure xedea»

Alain IriartBil ta Garbiko presidentea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.