Datozen egunetan helduko dira plaka berriak Sartagudara (Nafarroa) eta astebetean aldatuko dituzte. Izan ere, Udalak erabaki du kale izenen plaka guztiak euskaraz eta gazteleraz jartzea. Orain arte, erdara hutsean egon dira.
PSNk du alkatetza Sartagudan, eta Nafarroa Aurrera elkartearen eskaerari erantzunez hartu du erabakia. Iaz proposatu zuen elkarteak plakak aldatzea. Izurriak atzeratu egin du egitasmoa, halere. Ez dute izenik aldatuko.
Hondo horia edukiko dute plaka berriek, eta Sartagudako eta Nafarroako armarriak. Goian, kalearen gaztelerazko izena agertuko da, eta azpian, euskarazkoa. Neurria «euskara normaltzeko» urratsa izateaz gain, «herria edertzeko» ere badela esan dute udaletik. Errigora egitasmoaren eta Euskarabidearen diru laguntzarekin egingo dute aldaketa.
Errigora egitasmoak Nafarroako Erriberako produktuak banatzen ditu Euskal Herri osoan, eta, horren bidez lorturiko diruarekin, ingurune hartan euskara bultzatzeko ekinbideak gauzatzen dituzte. 2020ko urrian iragarri zuten lagunduko zutela Sartagudako «hizkuntza paisaia euskalduntzen. Kale izenen plakak, norabide seinaletikak, errotulazioak... euskaldunduko dira».
Nafarroa Aurrera elkarteak herri tradizioak eta kultura bultzatzeko egiten du lan.
Gizarte zibil bizia dauka herriak. Frankismoak gogor zigortu zuen, eta Alargunen herria ezizenez deitu izan dute askotan. Izan ere, 1936an matxino frankistek 86 pertsona hil zituzten han, orduko populazioaren %8. Hura eta Nafarroa osoan frankistek hil zituzten 3.420 pertsona gogoratzeko, Memoriaren Parkea inauguratu zuten 2008an.