porturatzea

Sartu da Bilboko portuan 'Modern Express' zamaontzia

Gaua portuko uretan igaroko du. Atoiontziek zainduko dute, ez mugitzeko. Bihar hasiko dira artezteko lanak egiten, gero kaira lotu ahal izateko.

Zamaontzia, Bilboko portuan sartzen. LUIS TEJIDO, EFE
Ibai Maruri Bilbao.
2016ko otsailaren 3a
07:55
Entzun

Arratsaldeko 17:00etatik dago Bilboko portuan Modern Express zamaontzia. Otsailaren 1ean Centaurus ontziak lotzea lortu zuen, eta gaur atoiontzien laguntzarekin sartu dute. Bihar goizera arte atoiontzien zaintzapean igaroko du gaua. Azaldu dutenez, seguruenik, hustu egingo dute. Izan ere, 3.600 tona egur eta obra publikoetarako makineria garraiatzen ari da. Itsasontziko kapitainaren ustetan, joan den asteko itsaso zakarrak ontziaren alde batera mugitu zuen zama, eta horrek eragin du itsasontzia makurtzea. Behin hustuta, Abrako badiako ur lasaietan arazo barik aztertu ahal izango dute. Bukatzeko, zama berriz ontzira igoko dute, eta prest egongo da itsasoratzeko.

Kostaldetik ikusgai egon da ontzia goizean, Centaurus atoiontziari lotuta eta Ibaizabal Once eta Alice One atoiontziez inguratuta. Arratsaldean zehar pixkanaka hurbilduko dute porturantz; 16:40an ziren porturatzeko mugimenduak hastekoak. Portu Agintaritzan esan dute maniobrak ez zuela arriskurik itsaso barearekin, baina goizean zakar egon da, eta itxaron beharra izan dute. Ontzian 3.600 tona egur, 300 tona fuel olio eta 180 tona gasolio daude. Ontziaren inguruan egon dira Bilboko portuan aritzen diren atoiontziak ere, eta, urrutiago bada ere, baita Maria de Maeztu eta Ria de Vigo salbamendu atoiontziak ere. Helikoptero bat ere gertu izan da.

Maniobra egiteko lau atoiontzi lerro erabili dituzte. Eguraldiaren iragarpenak zioen haizea ahulagoa izango zela eta olatuen altuera txikituko zela. Goizean saiatu dira Bilboko portura sartzen astebetez Bizkaiko golkoan nora ezean ibili den zamaontzia, baina itsasoaren egoerak hankaz gora ipini du plana. Espainiako Itsas Kapitaintza, merkataritza ontzidiko ordezkariak, Bilboko Portuko Agintaritza, atoiontzien arduradunak eta SMIT Herbehereetako salbamendu enpresa ibili dira plana antolatzen, eta denen artean koordinatu dituzte gaurko lanak. Itsasontzia atoian eramateko prestatutako itsasontziak haren inguruan egon dira une egokiaren zain, eta arratsaldean 16:40an hasi da porturatzea.

Zailtasunik ez, arriskurik ez

Itsas Salbamenduko ordezkarien arabera, gaurko maniobrak ez zuen ez aparteko zailtasunik ez arriskurik urak bare daudenean. Egunotan Bizkaiko golkoan egon den itsaso zakarrak, ordea, kargaontzia leku ezkutu batera eroateko erabakia hartzera behartu ditu. Dena den, Bilboko Portuko Agintaritzak tentuz jokatu nahi izan du, eta 21 milioi euroko bermea eskatu dio enpresari, gaur egin diren lanetan kalterik egongo balitz, ordain modura. Dena ondo joanda, armadoreak berreskuratu egingo du aurreratutako dirua.

Itsasontziak garraiatu behar duen zama egurra eta makinak diren arren, badu erregairik barruan: martxan ibiltzeko behar duena. Eskifaiak erreskate egunean azaldu zuenez, 300 tona fuel olio eta 180 tona gasolio ditu biltegian. Hori itsasora isuri izan balitz kutsadura "mugatua" izango litzatekeela zehaztu dute Itsas Salbamenduko ordezkariek.

Legez kanpoko egurra

Modern Express-ek daraman egurra legez kanpokoa izan daitekeela salatu du Gabonek, El Correo egunkariaren arabera. Herrialde horrek Interpoli eskatu dio, ikertzeko zamaontziak daman egurra non eta noiz moztua den. Izan ere, legez kanpo moztutakoa dela uste dute. Itsasontzia portura iristen denean aztertzeko eskatu diote. Legez kanpokoa balitz, isun handiari egin beharko dio aurre Panamako itsasontziak.

Urtarrilaren 26tik egon da nora ezean Panamako bandera duen zamaontzia. Afrikatik zetorren, Gabondik, eta Frantziako La Havre portura eroan behar zuen barruan daukan zama. Apurka-apurka Frantziako kostaldera gerturatzen ibili da, eta Frantziako Itsas Salbamenduak Landetako kostaldean hondoa joko zuela espero zuen. Armadoreak, baina, Herbehereetako salbamendu enpresa bat kontratatu du, itsasontzia portu batera eroateko. Hain zuzen ere, Xixonera eroan gura zuen, Asturiasera (Espainia). Espainiako Itsas Salbamenduak, ordea, Bilbora ekartzeko baimena eman zion astelehenean. Horrela, bada, Matxitxako lurmuturretik (Bizkaia) 62 itsas miliara zegoela, helikopteroz itsasontzira jaitsi ziren eta kable batekin lotu zuten. Harrezkero, Centaurus atoiontziak Bilbora bidean ekarri du, Espainiako Itsas Salbamenduko Ría de Vigo eta María de Maeztu itsasontziek gertutik lagunduta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.