Save the Childrenek salatu du haur pobrezia hazi egin dela pandemian

41.515 haur eta nerabe daude pobrezia larrian. Helduen tasak behera egin du

Itxialdian haurrak balkoian ageri diren mural bat, artxiboko irudian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Naroa Torralba Rodriguez.
2021eko uztailaren 16a
16:03
Entzun

Save the Children erakundeak ohartarazi du bereziki kezkagarria dela 18 urtetik beherakoen artean pobrezia larriak izan duen gorakada. Izurriak 41.515 haur eta nerabe utzi ditu pobrezia larrian Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; iaz baino 5.783 gehiago. Bizi baldintzei buruz osatu duten inkestaren emaitzak dira. Helduen pobrezia tasa jaitsi egin da, ordea: egun %19,3koa da. Adingabeena aldiz, %25,3ra iritsi da.

Inkestak ere adierazi du pandemiak eragindako krisi ekonomikoaren ondorioek ez dutela inpaktu bera mutilengan eta neskengan. Pobrezia larriaren tasa desberdina da generoaren arabera. Hiru aldiz handiagoa da nesken artean mutilen artean baino: %20,3 eta %6,6, hurrenez hurren.

Ikerketak agerian utzi du seme-alabak ardurapean dituzten familietan metatzen dela oraindik ere pobrezia. Eta egoera bereziki kaltebera dute guraso bakarreko familiek.

Charo Arranz EAEko Save the Children erakundek zuzendariak eskatu du pobreziaren transmisioaren zirkulua apurtzen duten politikak sustatzeko: «Haur pobreziak zuzenean eragiten du gure gizartearen talentuan eta potentzialean, eta horren eraginak denboran irauten du. Izan ere, bost kasutatik lautan belaunaldiz belaunaldi transmititzen dira».

Halaber, Arranzek salatu du krisi ekonomikaren ondorioek bestela eragiten dietela adingabeei gurasoen jatorrizko herrialdearen arabera; tasa handienak seme-alabak ardurapean dituzten familia migratuetan pilatzen direlako: «Guraso atzerritarrak dituzten haur eta nerabeek pobrezia larrian bizitzeko bost aldiz arrisku gehiago dituzte».

Save the Childrenek eskatu du gizarte babeserako laguntza eta neurri guztiak eskuratzeko izapideak sinplifikatzeko, eskuragarri jartzeko eta arintzeko. Baita laguntza horiek eskuratzeari buruzko informazioa emateko, hurbiltzeko eta irismena handitzeko ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.